Ongizatearen Plaza

Ongizatea dago sare sozialetatik kanpo eta ondo jatean

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko otsailaren 28a

Sare sozialak, elikadura eta teknoadikzioak izan dira gaur gogoetagai Ongizatearen Plazaren ekimenaren barruan.

Goizean, Armeria Eskolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek sare sozial telematikoen deiturikoen gainean jardun zuten, bereziki azpimarratuz sareok sortzen duten adikzioa eta haietan ohikoak den indarkeria giroa. Gazteen testigantzak entzunda ondorioztatu zuten gazteek normalizatua dutela sareetako indarkeria hori eta horren aurrean babes sareen garrantzia nabarmendu zuten, mundu ikuskera eta harremantzeko modu osasuntsuagoak bermatze aldera. 

Goizeko bigarren mahainguruan, elikaduraz jardun zuten+ agroekologian aditua den Jakoba Errekondoren eta bi nekazariren laguntzaz. Errekondok lurraren eta kulturaren artean dagoen loturaren gogoeta mamitsua egin zuen, azpimarra eginez nekazaritzaren garrantzian. "Elikagaiak ekoizten dituen jenderik ez balego, ez ginateke ezer. Ahaztuta dugu hori dela gure bizimoduaren oinarria. Gure ondare nagusia lurra da. Lurra landu eta zaintzetik dator gure kultura osoa" ohartarazi zuen. Ondoren, Soraluzeko Egotza baserriko Nagore Martinek eta Eibarko Amazabalegi baserriko Ander Urkiak euren esperientziaren berri eman zuten. Martinek ahuntzen inguruan egituratu duen ekoizpen proiektuaz eta Urkiak baratzegintzan egiten diharduen ibilbidea. 

Azkenik, arratsaldeko mahai inguruan Altxa burua mugimendukoek teknologia digitalen erabilera arduratsuaz jardun zuten eta ostean, kantu jira eta pintxo janarekin eman zieten amaiera bi eguneko jardunaldiei.