'La farsa de la transición ecológico-energética' liburua aurkeztuko dute Eibarren, gaur

Ubane Madera Zangitu

Gaur, astelehena, Carlos Taibo idazle eta Madrilgo unibertsitateko irakasle erretiratuak, Antonio Aretxabala geologo eta dibulgatzaie zientifikoak eta Antonio Turiel zientzialari eta Fisika Teorikoan doktoreak La farsa de la transición ecológico-energética izenburua duen liburua aurkeztuko dute Eibarko Coliseo antzokian. 19:00etan da hitzordua. Eibarko Baso Biziak eta Limaltik Herriak elkarteek antolatu dute aurkezpena.

La farsa de la transición ecológico-energética liburua 2026an argitaratutakoa da. Liburuko testuek Euskal Herrian egindako hainbat mahai-ingurutan dute jatorria, bereziki polemikoa den energia berriztagarrien eta haiekin lotutako instalazio ugarien hedapenari buruzko mahai-inguruetan. 

“Tranpaz betetako ustezko trantsizio energetiko baten inguruko hamaika miseria" planteatzen dituzte hiru adituek. "Enpresa handien interesak ezkutatzen dituzten proiektuak eta prozesua, kapitalaren logikari inola ere erantzun ez, eta gutxi batzuen zerbitzura dagoen kolapso orokorreko eta ekofaxismoko horizontera modu zoroan garamatzan sistema baten zentzugabekeria berresten dutenak”.

Izen handiko adituak

Liburuaren idazleak eta aurkezleak izen handiko adituak dira.

Carlos Taibo Arias (Madril, 1956ko maiatzaren 12a) idazle eta editore espainiarra da, Politika eta Administrazio Zientzietako irakasle erretiratua Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, 1990. eta 2018. urteen artean jardunean. Horrez aparte, Erdialdeko eta Ekialdeko Europako herrialdeetan eta Estatu post-sobietarretan trantsizio politiko, sozial eta ekonomikoei buruzko azterlanetan aditua da, eta baita ere nazioarteko harremanetan eta mugimendu sozialetan (M15a edo mugimendu anarkista, esaterako).

Antonio Aretxabala Diez (Galizia, 1963ko maiatzaren 2a) geologo eta dibulgatzaile zientifikoa da. Geologian lizentziaduna da Oviedoko Unibertsitatetik. Besteak beste, 1992an, aldi baterako lan egin zuen NASArekin, Madrilgo satelite bidezko jarraipen-estazioko antenaren zimendu-arazo batengatik. Nafarroako sismikotasun historikoari buruzko ikerketa garrantzitsuak egin ditu, eta 2012. urtearen amaieratik 2017. urtera Geologoen Elkargoko ordezkaria izan zen.

Antonio Turiel Martinez (Leon, 1970) Fisikan eta Matematikan lizentziaduna da, eta Fisika Teorikoan doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Ikertzaile zientifiko gisa lan egiten du CSICeko Itsasoko Zientzien Institutuan, Bartzelonan; dibulgatzaile zientifikoa ere bada.