Edizio mugatuko ekipazioa da jantziko dutena, SD Eibar janzten duen Hummel etxe danimarkarrak bularreko minbiziaren kontrako borrokari ikusgarritasuna emateko sortu duena, eta gaur, ostirala jarri dute salgai. Bereizita saltzen dituzte kamiseta eta prakak, eta arropa hori saltzetik lortzen duten irabazien %10 Katxalin elkartera bideratuko du klubak, bularreko minbizia edo minbizi ginekologikoa duten emakumeei laguntzen dien Gipuzkoako elkartera, hain justu ere. Jokalariek jantziko duten kamisetak, gainera, kanpainaren leloa izango du serigrafiatua paparrean: Ibilbide bakoitzak garrantzia du.
Ekipazio hau SD Eibarren bi denda ofizialetan bakarrik erosi ahal izango da: Ipurua futbol zelaiko Orsaixan eta Fermin Calbeton kaleko salmenta puntu ofizialean. Orsaixan denda zabalik izango da bihar, partidu egunean, 14:15etatik aurrera, eta Fermin Calbeton kaleko salmenta puntua, berriz, 12:00etan zabalduko dute bihar.