Euskal gehiengo sindikalak egindako deialdiari erantzunez, Deba bailara osotik etorritako milaka pertsona batu dira gaur Eibarren, "etxebizitza eskubidea bermatzeko" eskatu eta "espekulazioari ez" esateko. Horrez gain, "pobretzearen aurka, soldatak igo" daitezela aldarrikatu dute.
Eguerdiko hamabietan abiatu da manifestazioa Untzaga plazatik, Unitik debabarrendarrek eta Urkizutik debagoiendarrek osatutako bi zutabeak plazara ailegatu eta gero. Ordurako, agerikoa zen gaurkoa manifestazio jendetsua izango zela eta halaxe izan da, amaieran Untzaga plaza bete denean ikusi den moduan.
Manifestazioaren ibilbidean zehar, herritarrek manifestazioaren aldarriaren berri ematen zuten hainbat kontsigna oihukatu dituzte "espekulatzaileak, espropiatu", "erroldarik gabe, izaterik ez", "etxegabetzeak gelditu", "zuen aberastasuna, gure miseria", "hemen lan egin, hemen erabaki", "borroka da bide bakarra" eta beste hainbat. Tarteta, bengalak ere piztu dituzte eta manifestazio oso aktiboa izan da.
Untzaga plazara iristean, pankarta eroan duten sindikatuetako ordezkariak Untzagako harmailetan kokatu dira pankatarekin eta ondoren, harmaielatik bertatik Etxebizitza Sindikatu Sozialistako, LABeko eta ELAko ordezkariek hartu dute hitza, hurrenez hurren, plaza goraino bete duten milaka herritarrei zuzenduz. Ordezkari bakoitzak bere mezu propioa eman duen arren, denek salatu dituzte espekulazioaren eraginez eta etxebizitza politika egokirik ezaren ondorioz, herritar askok etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunak eta prezio altuen eta soldata txikiagoen eraginez gertatzen ari den pobretzea. "Erakunde publikoak, instituzioetan ardura duten alderdi politikoak, patronala eta kapitalismoa" egin dituzte egoeraren erantzule. Horren aurrean, politika ausartak eskatu dituzte, espekulazioa eragotzi, aberastasuna banatu eta herritar guztiei etxebizitza ziurtatzera bideratuak.