Bingo solidarioan batutako dirua Elikagai bankuari eman dio Sanlok

Asier Orbea Ostolaza 2025eko abenduaren 22a

SanloBeer garagardo festan egin zuten elkartasun bingoan batutako dirua Gipuzkoako Elikagai Bankuari eman dio Sanlok.

Bingoan batu zuten diruaren %40a jaso zuen bingoko irabazleak, eta gainerakoarekin elikagai bankuarentzako elikagaiak erosi ditu Sanlok. Joan zen zapatuan eman zizkieten produktuak elikagai bankuko arduradunei, Malapek eta Alcortak jokatu zituzten partiden artean. 

Garaipen bat eta porrot bat, urtea agurtzeko

Lehiari dagokionez, Sanloko bi talde nagusiek etxean jokatu zituzten urteko azken partidak. Senior emakumezkoen Malape taldeak aho zapore gaziarekin agurtu zuen urtea, 28-35 galdu baitzuen Urdaibairen aurkako partida. Hala,  Lorea Gabilondok entrenatutako taldea laugarren posturaino jaitsi da sailkapenean. Hamalau puntu dituzte, hirugarren dagoen Berango Urdulizek duen puntu kopuru bera. Zuhegan Orio taldea dago sailkapenburu, 16 punturekin, eta Ereintza Bitek dago bigarren postuan, 15 punturekin. Urtarrilaren 10-11 asteburuan ekingo diote berriro Euskadiko txapelketari, eta norgehiagoka gogorrarekin berrekingo dio txapelketari Malapek; liderraren etxean jokatuko baitute, Orion. 

Senior gizonezkoen Alcorta F.G. taldeak, berriz, aho zapore gozoagoaz agurtu du urtea, garaipen argia eskuratu baitzuen Eibarren aurkao derbian (33-28). Elgoibartarrak sailkapeneko laugarren postuan daude -hirugarrengoarekin berdinduta-, 17 punturekin. Lehen postuan dagoen Donibane Kalaburtziak 23 puntu batu ditu hamabi jardunalditan eta 18 puntu bigarren dagoen Lau Bide jatetxea Legazpi taldeak.