Ohi duten moduan goizean iritsiko dira. Hasteko, San Lazarora eta eguneko zentrora bisita egingo dute, horietan dauden erabiltzaile, egoiliar eta beharginekin batera gabon kanta batzuk abesteko. 10:15ean joango dira Eguneko Zentrora, eta 10:40ean, San Lazaro egoitzara.
Herritarrek eta dantzariek Maalan egingo diete ongietorria Olentzerori eta Mari Domingiri, 11:00etan. Inazio Bereziartua dantza eta musika eskolako ikasleek dantzatuko diete agurra, eta litekeena da Olentzero eta Mari Domingi pauso batzuk dantzatzera animatzea ere (ikus bideoan). Agurraren ostean hasiko da kalejira, eta kalean gora joango dira eguneko protagonistak, traktore gainean. 12:00etatik aurrera, gutunak jasoko dituzte Kalegoen Plazako estalpean.
Goiz guztian Elgoibarko Izarraren tonbola eta taloak saltzeko postua egongo dira Kalegoen Plazan. Elgoibarko Udal Musika Bandak ere girotuko ditu kaleak, 13:00etan hasiko duten kalejirarekin. Gabon kantak joko dituzte plazan eta kalez-kale.