Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko zerbitzua bikoiztu du Elgoibarko Udalak

Ainhoa Andonegi Alonso 2025eko abenduaren 23a

Elgoibarko Udalak berritu egin du Foru Aldundiko Garaitu zerbitzuarekin duen lan-hitzarmena, indarkeria matxistaren biktimei arreta psikosoziala, soziohezitzailea eta soziojuridikoa emateko. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu espezializatua da Garaitu, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, haien seme-alaba adingabeei eta haien ingurune hurbileko pertsonei ematen die zerbitzua. Zerbitzuak ikuspegi integrala eskaintzen du, arreta anbulatorio espezializatuaren bidez, eta bizitako egoera traumatikoak gainditzen laguntzea du helburu, emakumeen autonomia pertsonala eta bizi-proiektu propioa berreskuratu ahal izateko.

Lila Emakumeen Etxean eskaintzen dute zerbitzua, astelehen eta asteazkenetan,
eta bertan arreta pertsonalizatua ematen da. Zerbitzua eskuratu ahal izateko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzura jo behar da, eta Foru Aldundiaren preskripzio teknikoa behar da.

Elgoibarko Udalak nabarmendu du indarkeria matxistaren aurkako arloa lehentasunezkoa dela, eta era berean, Garaitu zerbitzuko lantaldearen profesionaltasuna goraipatu du.