Esperientzia pilotua izan da Elgoibarren egin duten uler saioen ekimena. Uler-saioak irailetik abendura izan dira, eta, astean, 2 orduko 2 saio egin dituzte; guztira, 30 ordu bete arte. Zortzi erizain laguntzailek hartu dute parte saioetan eta egindako lana egiaztatzen duten diplomak jaso dituzte asteon.
Uler-saioen funtzioa
Uler-saioen helburua da euskaraz batere ez dakiten edo oso gutxi ulertzen duten kideek komunikazio naturalaren bitartez euskara ulertzeko gaitasuna garatzea. Norbanakoek ahalik eta eperik laburrenean euskara ulertzeko gaitasuna eskuratzean datza, kalean, lanean eta ingurune naturaletan euskarazko harremanetan murgiltzeko aukera izan dezaten.
Metodologia, funtsean, ingurune babestu batean garatzen da: gela batean, ordutegi baten barruan eta hizkuntza profil bera duten beste kide batzuekin batera. Hiru ziklotan banatzen dute metodologia, eta hiru urrats horien bitartez, 0 mailatik hasita (euskara batere ulertzen ez duten kideak), helburua da 120 ordutan (30+30+60) B1 maila ingurura iristea euskarazko ahozko ulermenean.