Beatrice Chebeten irudiarekin osatu dute 82. Mugertza krosa iragartzeko kartela

Asier Orbea Ostolaza 2025eko abenduaren 29a

Atletismoan dagoen izarrik handienetarikoa da Beatrice Chebet (Kenya, 2000), Mugertza krosaren azken bi edizioak irabazi dituen antxitxikaria, eta Mintxeta Atletismo Taldekoek kenyarraren irudiarekin osatu dute aurtengo kartela.

Chebetek irabazi daitekeen ia dena irabazi du atletismoan. Munduko kros txapelketak irabazteaz gainera, urrezko bi domina eskuratu zituen Parisko Olinpiar Jokoetan, 5.000 eta 10.000 metrotako lasterketak irabazita. Hamar kilometroko proban bera izan zen 29 minututik behera korrika egin zuen historiako lehen emakumea. Iaz ondu zuen errekorra Eugenen (Oregon, AEB) eta leku berean ondu zuen, joan den uztailean, bost kilometroko probako munduko errekorra ere, 13:58.06ko denborarekin. Hamalau minutuko langatik jaisteko gai izan den historiako lehen emakumea da.
Mugertza krosean ere emaitza apartak eskuratu ditu Chebetek. 2020koan eta 2022koan txapeldunorde izan eta gero, birritan irabazi du Elgoibarko krosa, 2024koan eta 2025ekoan.

Urtarrilaren 18an jokatuko dute Mugetza krosaren 82. ekitaldia izango dena.