Txapelketako bigarren finalerdiak jokatu zituzten atzo. Egun hotz eta euritsua egin arren, jendeta batu zen Ikastolako frontoian. Emakumeen lau t’erdiko txapelketako bigarren finalerdian jokatu zuten lehenik. Laia Salsamendik aise lortu zuen finalerako txartela, Nora Mendizabali 22-8 irabazita. Hortaz, bi pilotari nafarrek jokatuko dute finala: Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Laia Salsamendi etxauriarrak. Urtarrilaren 16an jokatuko dituzte San Anton txapelketako hiru finalak (19:00).
Zaleen babesa etxeko pilotariari
Promesa kategioriako finalerdia jokatu zuten gero; Nazabalek eta Artetxek Izagirren eta Ormaetxearen aurka. Iker Izagirre, zaleek hauspotuta, bizi-bizi kantxaratu zen eta markagailuan aldea egitea lortu zuen Aratz Ormaetxea atzelari bergararraren laguntzarekin. Nazabalek eta Artetxek, baina, berotzen hasi ahala partida estutu eta markagailua berdintzea lortu zuten. Hamazapina berdinduta joan ziren, eta amaiera estua izango zela aurreikusi zitekeen arren, azken tantoetan akats gutxiago egin zituzten Izagirrek eta Ormaetxeak, eta errenkadan egin zituzten 22ra iristeko falta zitzaizkien bost tantoak. Azken tantoa egin ostean [Ikus bideoan], Izagirek gogoz ospatu zuen garaipena, eta haren lagunek eta zaleek ere agerian laga zuten euren poza. Finalean Ramirez eta Okiñena izango dituzte aurkari, haiek 22-17 gailendu baitziren Egurrolaren eta Segurolaren aurka urtarrilaren 2an jokatu zuten lehen finalerdian.
Senior kategoriako lehiarekin itxi zituzten finalerdiak. Apezetxeak eta Landak osatutako bikoteak lortu zuen garaipena eta finalerako sailkatzea, Altunari eta Balediri 22-18 irabazita. Bikote sendoa osatzen dute Beñat Apezetxea aurrelari goizuetarrak eta Unax Landa atzelari oiartzuarrak. Lehenak bizi jotzen du pilota eta bi metroko garaiera duen atzelariak behin baino gehiagotan bidali zuen pilota erebotera. Finalean Murua eta Bernaola izango dituzte aurkari.
Dislegi elkartea batu da aurten Lagunak Pilota Eskolak antolatzen duen txapelketako babesle taldera. Elkarlan horren barruan, atzo koloretako eskumuturrak jantzi zituzten pilotariek, dislexia dutenek ezker eta eskuin eskuak errazago bereizi ahal izateko.