Emakumeen lau t’erdiko laugarren txapelketaren finala jokatuko dute lehenik, 19:00etatik aurrera. Bi pilotari nafarrek jokatuko dute finala: Goiuri Zabaleta leitzarra eta Laia Salsamendi etxauriarra. Zabaletak 22-14 irabazi zion Aizane Ibarrolari urtarrilaren 2an jokatutako finalerdian. Salsamendik 22-8 irabazita kanporatu zuen Nora Mendizabal, urtarrilaren 9ko finalerdian.
Promesa mailako lau finalistak kantxaratuko dira gero. Gerriko gorriarekin jokatuko du Lazkaoko Lapke taldeko bikoteak, Iker Izagirre elgoibartarrak eta Aratz Ormaetxea atzelari bergararrak osatutakoak. Unax Raminez eta Jon Patxi Okiñena izango dituzte aurkari, lehena Kurene taldeko pilotaria eta bigarrena Buruzgain taldekoa. Aspaldiko partez pilotari elgoibartar bat ari da txapelketan, eta Iker Izagirrek jokatu zuen finalerdian igarri zen harmailetan zaleek sortu zuten giroa.
Azkenik, senior mailako finalean Apezetxeak eta Landak, gorriz, Muruak eta Bernaolak osatutako bikotearen aurka jokatuko dute pilota txapelketa beteranoko finala. 33. edizioa da aurtengoa.
Sarrerak 5 euroan salduko ditu Lagunak Pilota Eskolak, eta sarrera erosten dutenen artean produktuz betetako saskia zozkatuko dute gero, azken partidaren ekuadorrean.