Hirugarren garaipena jarraian Aregawirentzat eta estreinakoa Yavirentzat

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 18a

Jarraian lortzen duen hirugarren garaipena eskuratu du Berihu Aregawik (Etiopia, 2001) Mugertza krosaren 82. ekitaldian. Mariano Harok bakarrik lortu zituen hiru garaipen jarraian probaren aro modernoan, nazioartekotu zenetik. Emakumezkoetan, erakustaldia emanez gailendu da Winfred Yavi (Bahrain 1999) txapeldun olinpikoa. 

Atzo botatako euriaren ondorioz bustia zegoen lurra eta arin lokaztu da ibilbidea, baina gaur ateri eutsi dio eguraldiak eta eskertu dute Mintxetara gerturatu diren zaleek. Lau kontinente eta hamabi herrialdetako 900 bat atleta aritu dira lehian adin tarte desberdinetako hamabi lasterketetan, 09:30etik 14:00ak ingurura bitartean. Atletismo eta kroslazeen begiradak Elgoibarren jarrita egon dira gaur, eta antxitxikariek eman diete zer ikusia. Senior lasterketetan pronostikoak bete dituzte faboritoek.
Winfred Yavik ez du areriorik izan Mintxetako zirkuituan, eta garaipen argia eskuratu du emaitzarik onenak 3.000 metro oztopoetako lasterketan lortutakoa den atletak. Proba horretan egungo txapeldun olinpikoa da Parisen urrea irabazi eta gero, eta munduko txapelduna ere izana da 2023an. Sheila Jebet (Kenya, 2005) gaztea sailkatu da bigarren postuan eta Marwa Bouzayani (Tunisia, 1997) hirugarrengo postuan.

Gizonezkoen lasterketa nagusian tropelean ezkutatuta joan dira faboritoak lehen itzulietan. Berihu Aregawik, baina, nahi izan duenean laga ditu atzean aurkari guztiak. Aurreko zapatuan txapeldunorde geratu zen Tallahasseen (Florida, AEB) jokatu zuten Munduko Kros Txapelketan, eta sasoi puntu bikain hori baliatu du Mintxetako zirkuituan hegan egiteko. Saymon Amanuel sailkatu da bigarren postuan eta atleta espainiarren arteko lehian, Saïd Mechaal sailkatu da hirugarren postuan eta Europako txapelduna den Thierry laugarrengoan.

Hona atleta elgoibartarren emaitzak.

*Argazkiak: BARRENA, Mikel Askasibar / Elgoibarko Udala, Joserra Cabrera eta Roberto Sanchez.