Elgoibarko Meka ikastetxean oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo egokitua jarri dute ikasturte honetan, Enpresen Administrazio Kudeaketa arlokoa. Aniztasun funtzionala edo gaitasunen aniztasuna duten pertsonen familia eta lagunen Nuala elkarteak egindako eskaera bati erantzuten dio eskaintzak, eta Elgoibarko Udalaren, Meka Lanbide Eskolaren eta Jaurlaritzaren arteko lankidetzari esker sortu dute. Hiru urteko ikasketak dira, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat egokituak, eta, alde horretatik, aitzindaria izan da Meka lanbide eskola, era horretako ziklo bat eskaintzen duen ikastetxe publiko bakarra delako bailaran. Orain arte, Donostiako Gureak eta Bilboko Otxarkoagako Prestakuntza Zentroko eskaintza baino ez zegoen.
"Askotarikoak gara eta ezberdinak, eta, inguruak ezartzen dizkigun eskakizun, muga edo zailtasunen arabera, aniztasun funtzional gehiago edo gutxiago izaten ditugu". Begi-bistakoa dirudi, baina nahi baino gehiagotan errepikatzera behartuta sentitzen dira Nuala elkartekoak oraindik ere, eta hala hasi zuen aurkezpena elkarteko kide Miriam Aldazabalek, azaroaren hondarrean Meka ikastetxera egindako bisitan. Orduko entzuleak ulerberagoak zituen, baina. Izan ere, oinarrizko Lanbide Heziketa egokituko ikasleen eta irakasleen aurrean ari zen Aldazabal. "Denok dauzkagu gure gaitasunak eta mugak, eta pertsona guztiongan pentsatzen badugu, ikuspegi global eta inklusibo batetik begiratzen ikasten baldin badugu, oso funtzionalak izango gara", zehaztu zuen. Mezua argia zen: aniztasun funtzionala duten pertsonek gainerako herritarren aukera berberez gozatzeko bermea izan behar dute. Eta, zalantzarik gabe, hezkuntzarako eskubidea da bermatu beharreko kontu oinarrizkoetako bat. Hala sinistuta daude Elgoibarko Meka ikastetxean.
Inguru gertuko zortzi ikaslerekin hasi zuten ziklo egokitua Elgoibarko Meka ikastetxean iaz, irailean. Ezaugarri jakin batzuk betetzen dituzten ikasleak dira guztiak, baldintza delako hori: aniztasun funtzionala izatea eta Bigarren DBH eginda izatea edota bestela 17 urtez gorakoa izan eta ZIG Zereginen Ikaskuntzarako Gela gela batetik etorritakoa izatea. Horri hirugarren kontu bat ere gehitu behar zaio, jatorrizko ikastetxeko irakasle taldeak gomendatuta baino ezin baitira matrikulatu zikloan.
Hiru urteko ikasketak
Formakuntza egokitukoak izanda, bi urtekoak barik hiru urtekoak dira ikasketak, eta azkeneko urtean hiru hilabeteko praktikaldia egingo dute ikasleek enpresetan. Dena gainditzen
duenak Administrazio Zerbitzuko Oinarrizko Profesional titulua eskuratuko du. "Gauza handia da hori, bestela zaila izango luketen ikasle horiek titulu batekin irtengo direlako hemendik",
zehaztu du Begoñe Zabalak, Mekako orientatzaileak. Izan ere, gaur egun, DBH-2ra arteko bidea osatu eta ondorengo lau urteak ZIGen egiten dituzten ikasleak –16-21 urte– DBHko titulu barik irteten dira eskolatik. Gradu titulu hori lortzeko bi bide daude: bide arruntetik gainditzea DBHko lau urteak edota lehenengo bi urteak bide arruntetik gainditu, eta ondorengo biak Curriculum Anitzeko programaren barruan. Eskolara egokitzeko zailtasun nabarmenak eta ikaskuntza-erritmo desberdinak dituzten ikasleei zuzenduta dago programa hori, eta DBHko gradua titulua lortzen laguntzea du helburu.
Administrazio Zerbitzuko Oinarrizko Profesional titulua jasoko dute
Lan-mundurako prestakuntza
Enpresarekin lotutako lanbideetarako trebatzen dituzte ikastetxean, eta hartarako ikasgaiak dituzte: Bulegotika, EIP Enplegagarritasun Ibilbide Pertsonala –norberaren orientazioa,
autoezagutza eta abar lantzen dituzte–, Administrazioa, Komunikazioa eta Gizartea, Zientzia Aplikatuak eta Tutoretza, eta ikasketa prozesu osoan hiru irakasle dituzte bidelagun: administrazio kontuetarakoa, ikasgai orokorretakoa eta Pedagogia Terapeutikoko irakaslea. Horrezaz gain, eguneko ordu batzuetan Mekan bertan Gizarteratze zikloa egiten ari diren bi ikasle boluntarioren laguntza ere izaten dute gelan.
Alde praktikoa lantzen dute, bereziki, ikasgelan, eta, etorkizuna irudikatzen hasteko, bi enpresa sortu dituzte: ZaporeGo eta Meka Kolore. Sukaldaritza zerbitzua eskaintzen dute lehenengoan, eta asteazkenero tortillak egin eta pintxoak saltzen dituzte ikastetxean, atsedenaldian, baina urtebetetzeetarako eta etxera eramateko enkarguak ere jasotzen dituzte tarteka. "Aste osoko antolaketa egiten dute, ostiraletan hasita. Erosketa-zerrenda egin eta funtzioak banatzea izaten dute ostiraletako lana, astelehenean erosketak egin ahal izateko. Asteartean bestelako enkargu batzuk egin eta asteazkenean kozinatu eta pintxoak saltzen dituzte eskolan, eta ostegunetan erregistro-orriak betetzen dituzte. Eginez, gauza asko ikasten dituzte, beraz", azaldu du Zabalak. Meka Kolore enpresan, berriz, inprenta zerbitzua ematen dute, eta egutegiak, orri-markagailuak eta bestelako produktuak sortzen dituzte. Ikastetxean bertan arreta zuzena ematen dute ikasleek. "Zalantza barik, lorpen handia da hau, hezkuntza publikoan etorkizunerako ate bat zabalik ikusten dutelako lehen biderik ikusten ez zuten familia askok. Ona litzateke ikastetxe gehiagotan zabaltzea aukera hau", nabarmendu du Zabalak.
Desgaitasunei barik gaitasunei erreparatzeko eskatu dute ikasleek
Hezkuntza-premia bereziak dituzte denek, eta gehienek ezagutzen zuten elkar Mekan eskolatu aurretik, ikastetxetik ez bada, aisialditik. Nadiushka Alberdi markinarra da, baina Institutuan ezagutu zuen Eneko Casado ikaskide durangarra, ZIG Zereginen Ikaskuntzako-Gelan. Casadok, berriz, futboletik ditu lagun Mohamed Ali Mohaned Lamin eta Amets Vega eibartarrak. Eibarko futbol klubeko DI taldean jokatzen dute, eta Genuine ligan lehiatzen dira. Nork bere bizipenak ditu, eta, errazago edo zailagoa izan badute ere, denek aitortu dute eskubidez gabetuak sentitu izan direla noiz edo noiz. "Gizarteak baztertuak", esan du bakar batek, baina hitza gogorregia egin zaie ikaskideei. "Aukera gutxiago daude guretzat", zehaztu du Alberdik, eta, itxura batean, eramanerrazagoa egin zaie besteei. Zortzi ikasle dira gelan, eta hiru irakasle dituzte laguntzeko. Pozik daude Mekan eskaintzen dieten arretarekin, pozik osatu duten lagun taldearekin, eta oso pozik etxetik gertu ikasi dezaketelako, bai eta "ordutegi ona" dutelako ere.
Casadok aitortu du lorezaintza ikasi nahi zuela, baina bere ezaugarridun ikasle batentzat Bilbon edo Gasteizen baino ez dagoela horretarako aukera, eta horregatik erabaki zuela Administrazio Egokituko zikloa hastea Elgoibarren. Gertu izatea beti da gauza ona, baina are gehiago ikasle horietako batzuen kasuan. Eibartarra da Amets Vega, eta esan du lanaldi murriztuan duela aita, berari laguntzeko. "Hala ere, lanaldi murriztua izanda ere, ezingo luke egunero nirekin atzera-aurrera ibili hiribururaino". Esan beharrik ez dute hezkuntza-aukera bera murritzagoa dutela jabe gaitezen, hezkuntza publikoan ikastetxe bakarra delako Meka egokitutako Lanbide Heziketa eskaintzen duena bailaran. Baina hori baino gehiago da, haien ahotan. Batek ez beste guztiek Pedagogia Terapeutikoko irakasle baten laguntza izan dute ikasketa prozesu osoan, baina laguntza hori Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara arte eskaintzen du Hezkuntza Sailak, eta kexu dira horrekin. "Aurrera egiteko aukera gabe uzten gaituzte, DBH2n Pedagogia Terapeutikoko irakasleak kenduta", salatu du Vegak; bat datoz gainerakoak. Hezkuntzan baliabide gehiago behar direla uste dute, eta egungo sistemak ez diela erantzuten jende baten beharrei. Izan ere, arazoa ez da ezaugarri ezberdinetako jendeak osatzea gizartea, ezpada gizarteak jende guztiarentzako zerbitzu egokiak eskaintzeko dituen ageriko mugak. "Laguntza egokiarekin denok egin dezakegu besteek gugandik espero dutena baino gehiago", zehaztu du, horren harira, Alberdik.
Salatu dute ezinei erreparatzeko joera dugula, oro har, denok, gaitasunei erreparatu ordez. "Bidaltzen duzu curriculuma enpresetara, deitzen zaituzte elkarrizketetarako, baina jabetzen badira desgaitasunen bat duzula, berehala baztertzen zaituzte, ez badaude, behintzat, derrigortuta enpresa handia izateagatik desgaitasunen bat duten langile kopuru bat hartzera. Etsigarria da", aitortu du Casadok. "Jakina dela etsigarria. Niri kosta egiten zaizkit gauza batzuk, baina hizkuntzak ikasteko erraztasun handia daukat, adibidez, eta taldean lan egiteko gaitasun handia", gehitu du, aldamenetik, Mohaned Laminek. "Ezingo ditugu gauza guztiak egin, baina ba al dago dena egin dezakeenik? Edozelan ere, gauza bat dago hemen argi: guri ere gainerakoei dagozkien eskubideak izatea dagokigula eta hori bermatu beharra dagoela", zehaztu du, ondotik, Alberdik. ZIG gelako ikasketak amaitu zituenean mekanika enpresa batean egin zuen lan uda batez Alberdik: "Udan lan egin nahi genuen galdezka etorri zitzaizkigun gelara, eta denok erantzun genuen baietz. Hasi nintzen, eta, egia esan, oso gustura aritu nintzen lanean, baina 100 euro irabazi nituen. Lana gustuko nuen, baina baldintzak ez".
Lan egin nahiko lukete denek, autonomia ekonomikoa izan, eta lanera prestatzeko aukera ona irizten diote Mekako eskaintzari, egokitua delako, behar duten laguntza izango dutelako eta
titulazio bat lortzeko aukera izango dutelako dena gaindituz gero, bestela izango ez luketena. "Behintzat, Administrazio Zerbitzuetako Oinarrizko Profesionalak garela ziurtatuko duen
agiria izango dugu ikasketak amaitutakoan. Zerbait frogatzeko aukera izango dugu, beraz, ZIG geletan ibilitakook ez dugulako ikasketa-titulurik lortzen bestela.


