Elkarrizketa

"Mugak gizarteak jartzen dizkie, eta bada ordua gogoeta egiteko"

Ainara Argoitia Arano 2026ko urtarrilaren 21a

Miriam Aldazabal Nuala elkarteko kidea.

Miriam Aldazabal Nuala Elkarteko kidea da. Nualatik eskatu zuten, hain justu ere, oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo egokitua martxan jartzea. 

Nualatik eskatutakoa da, eta pentsatzekoa da pozik hartuko zenutela egokitutako zikloa Meka ikastetxean sortu izana. Zer balorazio egiten duzue?
Oso pozik gaude, sentitzen dugulako lan-munduan sartzeko hain aukera urriak dituzten gure senideei, aniztasun funtzionala duten gure seme-alaba eta lagunei, aukera bat zabaldu zaiela; ate bat, azken batean. Dena den, iruditzen zaigu ate bakarra gutxi dela, eta uste dugu zabaldu beharko litzatekeela aukera hau beste herri batzuetara. Eskubidez dagokigu. Iruditzen zait gizarteak onartu egin behar duela askotarikoa dela eta bultzatu egin behar duela denontzako aukera-berdintasuna. Baina emandako pauso honekin oso gustura gaude, eta eskertuta ere bai.

Desgaitasunei barik gaitasunei erreparatu beharko geniekela esan digute gazteek eurek.
Jakina. Curriculumaren egokitzapen bat dute ZIG Zereginen Ikaskuntzarako Geletakoek, konforme, baina ikasten dituzte gauza asko eta trebatzen dira zeregin askotarako. Ez dira gai Matematika karrera ikasteko, baina gauza asko egin ditzakete. Ume direnetik zer egin ezin dezaketen esaten aritzen zaizkigu inguruko guztiak gurasooi, baina guk geuk dakigu ondoen zertarako gai ez diren gure seme-alabak; hala ere, inork erreparatzen al die haien gaitasunei? Gizarte honetan zeregin asko bete behar dira, eta, izatez, denentzako lana dago. Mugak gizarteak jartzen ditu hemen, eta bada ordua horren inguruan gogoeta egiteko, gizartea berez delako askotarikoa.

"Guk geuk dakigu ondoen zertarako gai ez diren gure seme-alabak; hala ere, inork erreparatzen al die haien gaitasunei?"

Ziklo horri esker bestela lortuko ez luketen ikasketa-titulua eskuratzeko aukera izatea eskertu egin dute ikasleek.
Jakina. Gure gizartean edozertarako behar dira paperak. Dena behar da egiaztatu eta ziurtatu, eta gertatzen zitzaiguna zen 20-21 urtera arte ZIG gela batean ikasten egon den batek ez zuela hori lortzerik. Oso gutxik zuten, gainera, gero ikasten jarraitzeko aukera ere, eta zer esanik ez hezkuntza publikoan. Bakarren batzuk, posible baldin badute, Gureak-en Pauso Berriak-en sartuko dira, baina ate hori ere oso estua da. Eta beste asko gelditzen dira nora jo jakin gabe. Batzuk-batzuk sartuko dira Gureak-en menpeko tailerretan, baina beste askorentzat eguneko zentroak izango dira aukera bakarrak, nahiz eguneko zentroetako helburua ez den pertsona formatzea, ezpada duten autonomia mailari eustea.
Ezagutzen dut Gureak-eko tailerrean dabilen bat, oso ona dena Historian, baina han dago, beste aukerarik izan ez duelako. Begira zenbat talentu ari garen galtzen, sistema dugun moduan eratua dugulako.

Ate bat zabaldu da, eta gure eskualdekoentzat, gertuan, gainera.
Estimatu egin dute ikasleek. Hori da. Desgaitasunak dituzten pertsonak beti egongo dira, eta herri guztietan, gainera; beraz, ikasteko aukera ere denean izan beharko lukete. Gipuzkoan,
Mekako hau sortu aurretik, aukera bakarra zuten gure seme-alabek: Gureak-en Pauso Berriak, Donostiako aldirietan. Eta, jakina, gure elkarteko kide batzuk joan ahalko lirateke haraino
bakarrik, baina beste batzuk, nekez. Autobusa hartu ahal izango lukete, akaso, baina gero, iritsiko lirateke Donostiara eta han egongo lirateke autobus geltoki batean, jende asko eta zarata handiarekin, eta hartu beharko lukete beste autobus bat. Hori oso zaila egiten zaie askori. Bidegabea da zailtasun hori dutelako esatea ezin dutela ikasten jarraitu; horregatik bakarrik mugatzea haien etorkizuna. Erraz ulertzen dugu aulki gurpildunean dabilen batek ezin duela autobusa hartu arranparik ez badu igotzeko, ezta? Eta orduan, zergatik kostatzen zaigu horrenbeste beste hau ulertzea, gauza bera baldin bada?