Kokapen berriak Merkatu plazako ostegunetako saltzaileentzat eta kontsumitzaileen bulegoarentzat

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 21a

Joan den ostiralean itxi zuten Elgoibarko merkatu plaza, eta han zeuden zerbitzuak birkokatu egin ditu Udalak.

Merkatu plazan zegoen Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB) Kultur Etxeko bigarren solairuan egongo da aurrerantzean, hitzaldi gelaren ondoan. Ohiko ordutegian emango du arreta, astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:00etara. Harremanetarako, honako bide hauek erabil daitezke: omicelgoibar@gmail.com eta 943 743 088 telefono zenbakia.

Baserritarren postuak eta azken zapatuko feria

Eguen goizetan merkatu plazan egoten ziren baserritarrek joan den eguenean esan zioten agur merkatuari, baina jarraituko dute eguenetan salgaiak saltzen. Aita Agirreko arkupeetan eta haren inguruetan kokatuko dituzte postuak aurrerantzean, urtarrilaren 29tik aurrera. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, lekualdaketa baserritarrekin elkarlanean landu dute, batzarrak eginez, eta, hainbat aukera aztertu ostean, baserritarrek eurek aukeratu dute kokaleku berria. Ildo beretik, orain arte Kalebarren plazan egin izan diren hil bukaerako azokak Aita Agirren egingo dituzte, urtarrilaren 31tik aurrera. Udaletik jakinarazi dutenez, merkatu plaza zegoen eraikinean anbulatorio berria egiteko obrak hasiko dituzte, eta lehenengo lana eraikin azpian dagoen transformadore elektrikoaren zentroa lekuz aldatzea izango da. San Frantzisko iturri atzera eramango dute, eta, lan horiek egiteko argindarra kendu behar zutelako itxi zuten merkatu plaza. Udalak aurreratu duenez, datozen asteetan hasiko dira horretan.

Bidezko Merkataritzako produktuak

Parrokiako Misio Taldeak ere bazuen lekua merkatu plazan, eta hemendik aurrera musika eskolako arkupean arituko dira bidezko merkataritzako produktuak saltzen hileko azken eguenean, eta hileko azken zapatuko ferian ere izango dira, orain arte moduan, baina Aita Agirre plazan.