Merkatu plaza zegoen eraikina eraisteko lanak, lizitaziora

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 26a

Elgoibarko Osasun Zentro berria egiteko oraintsu arte merkatu plaza egon den eraikina eraitsi behar dute lehenik, eta lizitaziora atera dituzte eraiste-lanok.

Eusko Jaurlaritzak 858.711,29 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne) atera ditu lizitaziora eraiste-lanak. Urtarrilaren 23an argitaratu zituzten deialdiaren oinarriak

Osakidetzatik jakinarazi zutenez, 2026ko lehen hiruhilekoan hasiko dituzte Elgoibarko anbulatorio berria izango dena eraikitzeko lanak. Zehazki, lanak "2026ko martxoan" hasiko dituztela jakinarazi zuten, Merkatu plazako egungo eraikina eraitsi eta gero. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 7 milioi euro inguru inbertituko dituzte (6.831.349,23 euro), eta ondo bidean, 26 hilabeteko epean amaituko dituzte lanak. Osakidetzak Atxurra Zelaieta Arquitectos S.L.P. eta Bear Arquitectos S.C.P. enpresek osatutako ABEEari esleitu zion eraikin berriaren proiektua idazteko lana. 

Merkatu plaza dagoen tokian eraikiko dute zentro berria, 400 metro koadroko lursailean. Eraikinak sei solairu izango ditu, eta 2.251 metro karratu baino gehiagoko azalera. Esan dutenaren arabera, egungo anbulatorioaren bikoitza izango da. Elgoibarko, Mendaroko eta Soraluzeko 18.000 biztanle inguru hartuko ditu bere gain, eta gaur egun baino zerbitzu gehiago eskainiko dituzte bertan.

∞Lotura duten albisteak: