Jaiotza mekanikoak 21.500 bisita eduki ditu

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 27a

Elgojaiotzako kideek jakinarazi dutenez, 21.580 bisita eduki ditu aurten jaiotza mekanikoak. Jaiotzari bizia eman dion adimen artifizialarekin egindako bideo batek ere izan du zabalpena sareetan.

Jaiotza mekanikoa egoten den parrokiako lokalean jarrita duten kontagailuaren arabera, 21.580 bisita izan ditu (iaz 21.731 bisita zenbatu zituzten) jaiotzak zabalik egon den 30 egunetan, abenduaren 19tik urtarrilaren 17ra bitartean. Hau da, batez-beste 720 bisita izan ditu eguneko. Taldeen bisitak ere jaso ditu jaiotzak, Elgoibarko Eguneko Zentroko erabiltzaileenak edo San Lazaro egoitzako egoiliarrenak. Inguruetako zahar etxeetako lagunak ere etorri dira bisitan, esaterako, Eibarko Ego-Gain, Zumaiako Otezuri edo Bergarako Uliazpi egoitzakoak.

Jaiotza mekanikoari bizia eman dio adimen artifizialak

Mugimendudun figura ugari dituelako da ezaguna Elgoibarko jaiotza mekanikoa; 72 bat piezak daukate mugimendua, eta orain bizia ere hartu dute horiek adimen artifizialarekin. Ez dugu jakin nork egindakoa den sareetan zabaldu den bideoa, baina nahi badu egingo diogu aitortza. Bideoan ikusten den moduko jaiotza aurkituko zuelakoan ere joan ei da bisitariren bat, Elgojaiotzakoek diotenez. Eurek ere jasotzen dute jaiotza bideoan, Youtuben duten kanalean.

Erlazionatuak

Jaiotza mekanikoaren ezkutukoa, agerian

Asier Orbea eta Ainhoa Andonegi 2025 abe 19 Elgoibar