Errezabal egoitza eraikitzeko lanek sortutako arrakalak eta beste hainbat kontu argitzeko batzarra egingo dute

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 28a

Udalak bilera batera deitu ditu Urazandi auzoko bizilagunak, Errezabal egoitza eraikitzeko obren inguruko azalpenak emateko. 

Bilerara hamar ataritako bizilagunak daude gongidatuta (9, 11, 13, 15, 17, 19, 20, 22, 24 eta 26 zenbakietakoak), obretatik gertuen daudenak, alegia. Jubilatuen Biltokian izango da batzarra, gaur, 19:00etan. 
Udaletik jakinarazi dutenez, auzotarrek iritziak eman zein ekarpenak egiteko aukera izango dute bileran, eta zalantzak argitzeko topagunea ere izango da. Izan ere, kezka ere adierazi dute zenbait auzotarrek obren ondorioz auzoko errepidean sortu diren arrakalak ikusita. Errepidean bakarrik ez, gertuen dauden etxebizitzetan ere eragina eduki dute obraren lehen zati honetan egiten ari diren zulatze lanek.
Udaleko eta Aldundiko arduradunek lasaitasun mezua zabaldu dute, arrakalak atzeman zituzten unetik segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituztela adierazita. Zehaztu dutenez, abenduan lanak monitorizatzeko sistema bat ezarri zuten, obrak egiten ari diren lursaila nahiz aldameneko etxebizitza-blokeak eguneko 24 orduetan zaintzapean edukitzeko. Zaintza-lan horrekin batera arrakalentzako irtenbide teknikoa ere topatu dutela azaldu dute. Bileran emango dute horien berri. 

Udaletik gogora ekarri dutenez, lanak hasi aurretik ere egin zuten batzarra Urazandiko bizilagunekin. Bigarrena izango da hau eta aurreragorako ere iragarri dute beste bat. Udan izango da eta herritar guztientzat.