"Txirrindularien harrobia, loraldian"

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 1a

Eneko Lameiras, Danel Garaizabal, Oier Arriola, Telmo Hernandez eta Enaitz Iraolagoitia. BARRENA

Txirrindularitzaren modalitate ikusgarri bezain gogorra da ziklo-krosa, merezi duen aitortzarik beti ez badu ere. Azken boladan loraldian dela dirudi; eskualdean, bederen.

Urte askoan probarik jokatu gabe egon eta gero, Besa CX Elgoibar ziklo-kros proba antolatu zuten Elgoibarren, eta txirrindularien harrobiaz harro egoteko arrazoiak ere badaude, eskualdeko txirrindulariak punta-puntan ibili direlako. Ermuko, Eibarko, Elgoibarko eta Mendaroko bost txirrindulari gaztetxo batu ditu BARRENAk Mintxetan. Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolako (Besa-Geminis) kideak dira hiru: Oier Arriola, Danel Garaizabal eta Enaitz Iraolagoitia. Telmo Hernandez eta Eneko Lameiras, berriz, Durangaldeko Bostok Bat taldeko (Cafes Dromedario) taldean ari dira.

Ziklo-kros denboraldia osatu duten hamabost lasterketetan garaipenak lortu dituzte eta behin baino gehiagotan igo dira podiumera. Horrez gainera, Telmo Hernandez gailendu zen kadete mailako Euskadiko txapelketan eta Enaitz Iraolagoitia izan zen txapeldunorde. Saria ere iritsi zitzaien, eta euskal selekzioarekin Taranconen (Cuenca, Espainia) jokatu zuten Espainiako txapelketan lehiatu ziren Hernandez, Iraolagoitia eta Garaizabal. Denboraldiaren balorazioa egiteko eskatu diegu.

Imanol Garaizabalek ere eman digu bere iritzia; parte hartzaileen artean eta ikusleen artean egon den "giro aparta" nabarmendu du Lagun Taldeko kideak. Eta gaineratu du frustrazioa kudeatzen trebatzeko kirol egokia dela, erorikoak eta matxurak eguneroko kontua baitira, eta horiei nola egin aurre ikasten dutelako.

TELMO HERNANDEZ (ERMUA, 2011)

"Euskal selekzioareki aritzea berezia izan zen"

"Denboraldia hasi zenetik behetik gora egin dut, eta, azkenerako, emaitza politak lortu ditut; tartean, Euskadiko txapelketa. Pozik nago. Lasterketa bat aukeratu beharko banu, Ametzagakoarekin geratzen naiz, elurretan jokatu genuelako eta irabazi egin nuelako. Euskal selekzioarekin aritzea ere berezia izan zen. Aitak [Aitor Hernandez, Euskadiko ziklo-kros txapelduna] asko laguntzen dit, bai lasterketetan bizikleta aldaketekin, eta bai aurretik ere. Bezperan harekin aztertzen dut ibilbidea, bizpahiru itzuli ematen ditugu, zailtasun tekniko handieneko guneak zein diren atzemateko. Ziklo-krosean gustura ibiltzen naizen arren, errepideko probetan aritzeko gogoz nago. Kadeteetako lehen urtea izango da, eta ikusteko dago nola moldatuko naizen".

 

OIER ARRIOLA (MENDARO, 2010)

"Taldekideen emaitzekin ere poztu naiz"

"Espero nuen moduan joan da ziklo-kros denboraldia, gorabehera batzuk eduki ditudan arren; hasieran eta bukaeran eman dut nire onena. Taldekideek lortu dituzten emaitzekin ere poztu naiz, laurak sartu baitziren lehen hamarren artean Euskadiko txapelketan. Handia da hori. Denean lehiatzen dira haiek, eta denean ondo. Nik atseden hartuko dut orain, ez daukat mendiko bizikletako probetan lehiatzeko asmorik, errepideko denboraldia hasteko gogoz eta ilusioz bainago, gehiago gustatzen zaidalako eta hobeto moldatzen naizelako. Horregatik, martxorako sasoi betean egon nahi dut. Ziklokrosak lasterketetako erritmoa hartzen laguntzen du, eta baita teknika hobetzen eta indarra lantzen ere".

 

DANEL GARAIZABAL (ELGOIBAR, 2010)

"Ziklo-krosa eta BTTa bistaratu ditugu"

"Gorabeheratsua izan da denboraldia. Proba batzuetan ez dut zorte handirik eduki eta denboraldi hasiera galdu egin nuen, lesio inozo baten erruz. Hala ere, parte hartu dudanetan dena eman dut, eta bete egin dut neure buruari jarritako helburua: lasterketetan lehiakorra izatea. Hor ibili naiz, probak irabazi edo podiumera igotzeko lehia horretan. Hemen batu gaituzuen eskualdeko txirrindulari gazteok indarrean gatozela erakutsi dugu, eta atzetik datozenentzat ziklo-krosa eta BTTa ere hor daudela bistaratu dugu, askotan ezkutuan geratzen diren modalitateak baitira. Gure taldean [Besa Geminis] Enaitz eta biok gara mendizaleenak, gainerakoak errepidean zentratuago baitaude. Ziklo-krosa egokia da oso errepiderako behar den txispa hori hartzeko".

 

ENAITZ IRAOLAGOITIA (MENDARO, 2010)

"Irabaztea ez dela garrantzitsuena ikasi dut"

"Denboraldia nahi nuen moduan hasi ez arren, aurrera egin ahala indartsuago sentitzen hasi nintzen, eta ailegatu ziren emaitzak ere, zenbait podium zapaltzea lortu bainuen. Emaitza onak lortzea hegoak jartzearen parekoa da, indartu egiten zaituzte. Euskal selekzioarekin Espainiako txapelketan lehiatzea berezia izan zen, gaixorik joan nintzen arren. Nire onenean ez egon arren, azken lasterketa zenez gozatzera eta lagun berriak egitera joan nintzen. Zirkuitua ez zen hemen ingurukoen modukoa, ohituta gaudena baino azkarrago joateko egokiagoa zen, eta horrek dena aldatu eta baldintzatzen du: irteera, posizioak hartzeko modua, aurreratzeak eta abar. Denboraldiko irakaspen handiena izan da irabaztea ez dela garrantzitsuena, lasterketetan gozatzea baizik".


ENEKO LAMEIRAS (EIBAR, 2010)


"Lagunen pare ibiltzea ona da motibazioa pizteko"

"Denboraldi nahiko ona egin dut. Behetik gorakoa izan da nire ibilbidea; lehen postuetatik urrun lehen lasterketetan, eta, azkenerako, hamabost onenen barruan bukatu dut. Gustura nago egindakoarekin. Beste hauekin eduki dudan lehia ere polita izan da, eta nire maila hobetzen lagundu didala uste dut, lagunen pare ibiltzeko nahia ona baita. Pizgarri bat da. Lokatz asko egon den probetan moldatu naiz hobekien: zenbat eta zirkuitu gogorragoa, hobeto. Elgoibarko taldean hasi banintzen ere, Durangokoan nago orain. Bizkaian ziklo-krosean aritzeko erraztasun eta baliabide handiagoak daudela uste dut, eta ibili ere gehiago dabiltzanez, txirrindulari onak irteteko aukerak handiagoak dira. Kantitatetik kalitatea dator, gehienetan".