Gizonezkoen Haundi taldeak bolada txarra atzean laga -hiru partida galdu zituzten jarraian- eta garaipen argia eskuratu zuen, barikuan, Mintxetan jokatu zuten neurketan. Zuri-gorriek 5-1 irabazi zioten Donostiako Deusto F.C. taldeari. Lehen zatian 1-0 aurreratu zen etxeko taldea, baina euripean jokatu zuten bigarren zatian iritsi ziren gainerako gol guztiak: Markel Sanchez (32. minutuan), Eñaut Igartua (54´), Julen Guillo (71´), Walid Es Said (81´) eta Julen Guillo (88´) izan ziren Haundiko goleatzaileak. Alvaro Mansok sartu zuen Deustoren gola, 76. minutuan. Ohorezko Erregional Mailako sailkapenean zazpigarren postuan jarraitzen dute elgoibartarrek, orain 31 punturekin, Bergararekin berdinduta. Puntu bat gehiago dute Zumaiakok eta Mondrak. Sailkapeneko lehen hiru postuetan daude Real Union B (42 puntu), Anaitasuna (37) eta Oiartzun (35). Hurrengo jardunaldian, hogeigarrena, Haundik azken sailkatuari egingo dio bisita, Euskalduna Andoaindarra taldeari.
Lidertzan sendotu da emakumezkoen Haundi taldea
Emakumezkoen Haundi taldeak domekan jokatu zuen Mintxetan, eta zaleek gutxitan ikus daitekeen gol kopuruaz gozatzeko aukera izan zuten, etxeko taldeak 8-1 irabazi baitzion Ostadar taldeari. Hona golegileak: Marina Zubiaurre (13. minutua), Aroa Cernada (38), Naroa Urdampilleta (40), Ane Calleja (47), Ane Calleja (60), Aroa Cernada (65), Naroa Urdampilleta (68) eta Aroa Ramos (87). Ostadarren gola Maddi Lopezek (72) sartu zuen.
Garaipen honi esker, lidertzan sendotu da Elgoibar. Jardunaldia Ohorezko Erregional Mailako sailkapeneko lehen postuan hasi zuen, Urolarekin berdinduta baina. Goierriko taldeak berdindu egin zuen Oiartzunen aurkako partida, eta hortaz, Haundi bakarrik geratu da sailkapenaren gorenean, 37 punturekin. Bergara dago bigarren, 36 punturekin, eta Urola hirugarren, 35 punturekin.
Hurrengo jardunaldian partida garrantzitsua jokatuko dute zuri-gorriek, hirugarren sailkatuta dagoen Urretxu-Zumarragako Urola taldea izango baitute aurkari, Zumarragako Argixao futbol zelaian.
Asteburuko emaitzak:
* Haundi giz. 5-1 Deusto
* Haundi emak. 8-1 Ostadar
* Infantil Txiki 0-1 Beasain
* Infantil A 0-4 Lagun Onak
* Infantil F11 neskak 0-2 Urki
* Elgoibar B 1-1 Mutriku
* Aloña Mendi 2-2 Kadete C
* Lagun Onak 1-1 Kadete B
* Ordizia 2-1 Ohorezko jubenila
* Amaikak Bat 2-3 Infantil F8 neskak
* Beasain 5-0 Infantil Haundi
* Orioko 1-4 Ohorezko Kadete Neskak
* Allerru 4-0 Jubenil B
* Oiartzun 2-4 Ohorezko kadete mutilak
*Irudiak: C.D. Elgoibar