Mila Oiartzabal hil da, Elgoibarko Izarrako presidente izandakoa

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko otsailaren 5a

Urtarrilaren 31n hil zen Mila Oiartzabal Osoro, 93 urte zituela. 1977an izan zen Elgoibarko Izarrako lehendakaria; elkarteko lehen presidente emakumezkoa. 

Mila Oiartzabal Elgoibarren jaio zen, 1932an. Aita eibartarra zuen, ikatz-saltzailea, ama, berriz, elgoibartarra, Abatetxe baserrikoa. Mila bera ere Abatetxen jaio zen, eta, ezkondu arte, Sigman lan egin zuen. 

Euskal kulturaren defendatzailea izan zen, eta, besteak beste, Elgoibarko Ikastolaren alde lan egin zuen, Luis Bilbao senarrarekin batera. Halaber, Elgoibarko Izarrako kide ere egin ziren biak elkartearen hasierako urteetan, eta lehendakari kargua ere bete zuten, Luisek 1973an eta Milak 1977an. Elgoibarko Izarra elkartean lehendakari kargua izan zuen lehen emakumezkoa izan zen. 

Oiartzabalek mojekin egin zituen ikasketak, dena gaztelaniaz, eta fededuna izanik, Elgoibarko parrokiako lanetan ere aritu izan zen; besteak beste, umeei kristau ikasbidea irakasten. Izaera indartsu eta umore bizikoa zen, eta solasaldiak zituen maite. Munduan zehar bidaiatzeko aukera ere izan zuen, eta bidaia horiek baliatu zituen hainbat kultura ezagutu eta bizipenak partekatzeko.

Ahotsak egitasmoaren barruan azaldu zituen Oiartzabalek bere bizitzako hainbat pasarte. Bideo txataletan ikusteko aukera duzue hemen