Sanloko taldeek Leizarangoak izango dituzte aurkari asteburuko neurketetan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 4a

Malape taldekoak artxiboko argazkian. Roberto Sanchez.

Sanlo eskubaloi taldeko bi talde nagusiek Andoaingo Leizaran kirol taldekoen aurka jokatuko dute asteburuan; etxean batak eta kanpoan besteak.

Malape taberna taldeak Leizaran Lanbroa Taberna taldearen aurka jokatuko du zapatuan Olaizaga kiroldegian (18:30). Andoiandarrak azkenengo postuan daude Euskadiko Txapelketako sailkapenean, 4 punturekin. Malapek, berriz, 17 puntu batu ditu orain arte jokatutako hamahiru jardunaldietan. Malapekoek puntu bakarra eskuratu zuten asteburuan, Etxebarrin Kukullagarenm aurka jokatutako partidan; 26-26 bukatu baitzen neurketa. Lehen zatian "indargabe" zelairatu zirela aitortu dute, defentsako lanean bereziki, eta aurkarien piboteek min handia egin zietela. Bigarren zatian, defentsa hobeari esker, partida parekatzea eta markagailua berdintzea lortu zuten azkenerako.
Malape bosgarren postuan sailkatuta dago, baina aurretik dituenekiko aldea ez da handia. Lehen postuan dagoen Ereintza Bitek taldeak 22 puntu ditu. 

Alcortak azken sailkatuari bisita

Senior gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak azken sailkatuaren aurka jokatuko du Euskadiko Txapelketako 17. jardunaldian; Leizaran Ernio Inmobiliaria taldearen aurka, Andoainen. Orain arteko partida guztiak galdu dituzte andoaindarrek. Alcortak aurreko jardunaldiak lagatako aho zapore gazia gozatu nahiko du, galdu egin baitzuten Txikipolit taldearen aurka Olaizagan jokatutako partida (22-25). Lehen zatian hiru goleko abantaila eskuratu zuten zarauztarrek. Defentsako lanari esker, markagailuari buelta emateko aukerak eduki zituen etxeko taldeak, baina ohi baino penalti jaurtiketa gehiago huts egin zituzten eta Zarautzko atezainak ere geratu zizkien batzuek; eta, ondorioz, ezin izan zuten emaitza onik eskuratu.
Galtzeaz gainera, Zarautzek aurrea hartu dio Alcortari sailkapenean: laugarren postuan daude zarauztarrak eta bosgarrengoan elgoibartarrak; biak 22 punturekin baina. 

Pizzeria Salento, titulua eskuratzeklo ligaxkan

Gipuzkoako Bigarren Mailan diharduen Pizzeria Salento senior gizonezkoen taldeak garaipen batekin hasi du titulurako bidea, 32-19 irabazi zion Saieko Sardexka taldeari. Partidari gogotsu ekin ziotela azaldu dute jokalariek eta atsedenaldira zazpi goleko errenta eraman zutela. Bigarren zatian, jokalari aldaketa asko egin arren, joko mailari eta erritmoari eusten asmatu zuten, eta nagusitasunez irabazi zuten partida, hamahiru goleko aldeaz.
Lehen faseko zortzi talderik onenak sailkatu ziren titulurako fase hau jokatzeko, eta bere multzoko onena izan zen Salento, partida guztiak irabazita. Hurrengo jardunaldian Donibane Eskubaloia Mitxintxola taldearen aurka jokatuko dute elgoibartarrek, Pasai Donibanen.

Gipuzkoako selekzioarekin

Sanloko atezain Ane Agirrek Gipuzkoako eskubaloi selekzioaren deia jaso zuen Irungo Artaleku kiroldegian lagunarteko partida bat jokatzeko. Eta, Agirrek beste elgoibartar batekin topo egin zuen Artalekun, Arhane Villanueva elgoibartarra aritu baitzen epaile lanetan. Kadete eta infantil mailetako Gipuzkoako selekzioek Urruñarrak Handball taldekoen aurka jokatu zituzten lagunartekoak. 

Ane Agirre eta Arhane Villanueva Artalekun. Arg: Sanlo.

Gipuzkoako selekzioa eta Urruñarrak Handball taldekoak elkarrekin.