Pirograbatuen erakusketa inauguratuko du Xabier Isastik gaur, Aita Agirren

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko otsailaren 5a

Gaur arratsaldean inauguratuko du Xabier Isastik pirograbatuen erakusketa, eta zuzeneko erakustaldia ere egingo du, herritarrei teknika hori erakusteko. 

Xabier Isasti (Elgoibar, 1959) artisau elgoibartarrak erakusketa jarriko du Aita Agirre kulturguneko erabilera askotariko gelan, gaurtik hilaren 15era. 18:30ean zabalduko du erakusketa, eta 20:30era arte egongo da.

Ezaguna da Isasti artisautzan, egurra zizelkatuz eginiko lanengatik batez ere, baina gaur egun lagata dauka modalitate hori, eta enkarguz bakarrik egiten ditu horrelako lanak. Orain, beste teknika batekin dator: pirograbatuak. 2010. urte inguruan hasi zen Isasti pirograbatuak egiten. Liburu bat erosi, eta bere kabuz hasi zen praktikatzen. Egurra dauka pirograbatuak ere oinarrian, baina sua erabilita egurra erretzean datza.  Eskuz marrazten du lehenik irudia egurrean, eta gero pirograbagailuari inklinazio bat edo beste emanez egurraren beraren tonuak ateratzen ditu. 

Zuzeneko erakustaldia 

Azken urteetan egindako 50 bat lan jarriko ditu ikusgai Isastik, eta, horrez gain, pirograbatuaren teknika zuzenean landuko du erakusketan. Pirograbagailua erabiltzen du egurra erretzeko; punta bero-bero jartzen zaio, eta berotasun horrekin sortzen ditu egur gaineko irudiak. "Ikusteko oso polita da, eta jendea harritu egingo da", adierazi du.

Astegunetan 18:30etik 20:30era egongo da zabalik erakusketa; zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era, eta igandeetan, goizez, 12:00etatik 14:00etara.