Otsailaren 10ean egingo dute San Bartolome jaiak prestatzeko lehen bilera

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko otsailaren 6a

San Bartolome jaietako egitarauaren zirriborroa prestatzen hasteko lehen bilera martitzenean izango da, 17:30ean, Kultur Etxeko hitzaldi gelan. 

Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak galdetegi bat zabaldu zuen online, herritarrek San Bartolome jaietarako proposamenak egin zitzaten, eta orain bilerara deitu ditu. Kultura Saileko arduradunek eskuartean darabiltzen egitaraua aurkeztuko dute, eta bileraren helburua izango da herritarren proposamenak aztertuta, egitaraua aberastu eta lehen zirriborroa prestatzea. Herritarrek aukera izango dute ekarpenak, iradokizunak eta iruzkinak egiteko. 

Era berean, proposatutako jarduerak koordinatu eta bateratzen saiatuko dira, ekitaldien egitarau "koherentea eta inklusiboa" bermatzeko, hartara, herritarren parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin.

Bilerara joateko asmoa izanez gero, mezu bat bidaltzeko eskatu dute arduradunek, asistentzia konfirmatzeko: kultura@elgoibar.eus.

Gogorarazi dute, baita ere, helbide elektroniko horretara edozein unetan bidali daitezkeela jaietarako proposamenak.