25 lagun bildu ziren Kalegoen plazan: lau koplari, beste horrenbeste trikitilari eta koruetan kantatzeko beste hamazazpi lagun.
Bi taldetan banatu ondoren, Millan Telleria eta Iratxe Ibarra koplariekin eta Oier Baltzola eta Aitziber Larrañaga joan zen taldeak Idotorbeko eta Aiastiako baserriak koplatu zituen, hogei guztira. Nerea Elustondo eta Juan Jose Loidisaletxe koplariekin eta Ekaitz Baskaran eta Arantza Beristain trikitilariekin aritu zen beste taldea, berriz, Sallobenten eta Urruzunon aritu zen, eta hamazazpi baserritara iritsi ziren. 14:30ean hasi eta gaueko 22:00ak arte jardun zuten kantuan eta eskean. Amaieran, bi taldeak Urruzuno auzoko Aldazelai etxean bildu ziren eta bertakoek prestatutako afariarekin eman zioten amaiera Elgoibarko Izarraren aurtengo santa eskeari.
Antolatzaileek esan digutenez, primeran pasa zuten arratsalde-gaua, baserritarrek harrera ezin hobea egin zieten, eta Aldazelaiko afaria eta afari-giroa benetan ederra izan zen. “Eskerrik asko zuen baserrietako ateak parez pare zabaldu eta hain ondo hartu gaituzuen baserritarroi; eta eskerrik asko, bereziki, Aldazelaiko Joxe Mari eta Ramoniri, gure taldearentzako afaria prestatu eta emateagatik. Baserritarrok hala nahi duzuen bitartean, otsailaren 4an zuen etxeko atarietan izango gaituzue”.
*Argazkiak: BARRENA eta Urrategi Alzibar.