Alcortak eta Malapek Andoiango taldeak izan dituzte aurkari, eta biek lortu dituzte garaipenak. Malapek 29-27 irabazi zion Leizarani, Olaizagan jokatutako neurketan. Partidari hasiera txepela eman ziotela aitortu dute Malapeko jokalariek partidaren balorazioa egiterakoan. Eta, atsedenaldira errenta polita eraman bazuten ere, bigarren zatiari ere energia gutxiegirekin ekin ziotela diote, eta horren ondorioz partida parekatzea lortu zuten andoiandarrek. Halere, etxean geratu zen garaipena eta 29-27 gailendu ziren Sanlokoak.
Malapek bosgarren postuan jarraitzen du sailkapenean, laugarren dagoen Urdaibairekin berdinduta. Bi taldeek dituzte 19 puntu. Hiru puntu gehiago dituzte Zuhegan Oriok eta Urdulizek eta bost puntui gehiago ditu liderrak, Errenteriako Ereintza Bitek taldeak. Malapek Bilbon jokatuko du hamabosgarren jardunaldiko norgehiagoka, otsailaren 14an, Dreyky DJ San Adrian taldearen aurka.
Parekotasun handia
Alcorta Forging Groupek Andoianen jokatu zuen Euskadiko txapelketako 17. jardunaldiko partida, eta 23-35 irabazi zion Leizaran Ernio Inmobiliaria taldeari. Donibane Kalaburtzia taldea dago sailkapen buru, sendo, 29 punturekin. Atzetik dauden taldeen artean parekotasdun handia dago. Legazpiko Lau Bide Jatetxea taldea dago bigarren sailkatuta, 26 punturekin; eta hiru talde daude gero 24 punturekin: Petronor Muskiz, Txikipolit Zarautz eta Alcorta Forging Group. Alcortak Saieko Grupo Seyprel taldearen aurka jokatuko du hurrengo jardunaldian: otsailaren 14an, 18:00etan, Olaizagan.
Pizzeria Salentok garaipenaren bidetik jarraitzen du titulua eskuratzeko ligaxkan. Bigarren jardunaldian 25-27 irabazi zion Donibane eskubaloia taldeari. Hala, sailkapeneko lehen postuan jarraizten dute, 16 punturekin. Bi puntu gutxiago dituzte jarraitzaileek, Egia Koskak eta Hernanik. Gipuzkoako txapelketak jokatzen ari diren taldeek atseden hartuko dute inauterietako asteburuan.
