Aratusteak-Inauteriak Debabarrenean

Musika eskolak hasiko du mozorroen festa Eguen Zuri egunean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 11

Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako ikasleek eta irakasleek hasiko dute mozorroen festa Elgoibarren.

Ikasleak eta irakasleak kalejiran irtengo dira inauterietako Eguen Zuri eguna girotzera eta alaitzera, 18:00etan, eta Maalarainoko bidea egingo dute; eguraldiak laguntzen badu. Maalan musika eta dantza emanaldia egingo dute.
Inazio Bereziartuakoak duela bost urte hasi ziren Inauterietako Eguen Zuri eguna girotzen. Iaz, esaterako, Mexikoko musikaz eta jantziekin girotu zuten inauterien hasiera.

Barikuan ikastetxeen txanda izango da. Batetik, Herri Eskolakoek Urazandi auzoan egingo dute kalejira, 14:00etan eta txokolate-janarekin amaituko dute, ikastetxeko kantxa estalian.

Bestetik, Elgoibar Ikastolakoek Euskal Inauteriak antzeztuko dituzte 15:00etatik aurrera: adin tarte bakoitzak herriko gune batean egingo du dantza, eta amaieran Kalegoen plazan bilduko dira guztiak. Euria egingo balu, ikastetxean ospatuko dituzte Euskal Inauteriak.

Bariku gauean, bestalde, kontzertu berezia emango du Sinuösek. Aurtengoan 30. ekitaldia dute eta zerbait berezia egingo dutela aurreratu dute. 19:00etan izango da, Kultur Etxeko erakusketa gelan.