Aratusteak-Inauteriak Debabarrenean

Zabalik dago inauterietako Bertsio Gauerako izena emateko epea

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 11

Iazko Bertsio Gaueko irudia: Ane Gonzalez.

Bertsio Gauaren laugarren ekitaldia antolatu dute zapaturako, "inauteriak kantuan bizitzeko". Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du.

Elgoibarko Izarrak Elgoibarko Udalarakin lankidetzan antolatutako inauterietako programaren barruan egingo dute Bertsio Gaua, otsailaren 14an. Prestatu duten egitaraua 17:30ean hasiko da, Maalan egingo duten Atxutxikaraokearekin. 16 urtetik beherako ume eta nerabeek karaokean kantuan eta dantzan jarduteko aukera izango dute 17:30etik 19:00etara bitartean. Ez da aurrez izena eman behar, nahikoa da momentuan bertan abesti bat aukeratu eta eszenatokira igotzearekin.

Bertsio Gaua

Gauerako, berriz, bertsio gaua antolatu dute 16 urtez gorakoentzako. 00:00etan hasiko da, eta taldeka zein bakarka parte hartu ahal izango da. Abesti bat bertsionatu beharko dute, playbacka eginez nahiz zuzenean abestuz. Horretarako, abesti bat ekarri beharko dute aukeratuta. 
Lau sari banatuko dituzte: taldeko sari nagusia (250 euro), bakarkako saria (170 euro), taldekako bigarren saria (170 euro) eta sari berezia (150 euro).

Iaz lagun ugarik hartu zuten parte. (ikus hemen iazko irabazleak). Ikus Ane Gonzalezek BARRENentzat ondutako laburpen-bideoa: