Hasteko, Txulalai taldeak Txiki Festa ikuskizuna aurkeztuko du Maalako parkean, 17:00etan. Kantu Kolore taldea osatzen zuten hiru kidek sortu zuten Txulalai, 2024. urtean. Adierazi dutenez, musikaren bitartez, ondo pasatuz eta gozatuz, hezkuntza munduari "haize freskoa" eta "proposamen didaktiko ederrak" eskaintzeko asmoz eratu zuten taldea. Miel 'Jolasgarria', Alaia 'Alaia? eta Xaba 'Maisiak' osatzen dute hirukote artistikoa. "Txulalai taldekideok eskoletan landu nahi izango genituzkeen kantak sortzen ditugu. Haurrek musikaren bitartez ikasten dutela ohartuta, geuk ere eduki jakin batzuk barneratzeko kantak proposatzen ditugu, hau da, abesti didaktikoak. Bestalde, badira egungo gai zehatz batzuk letra eta doinua jarri nahi dizkieguna, gai hauekiko sentsibilizazioarekin lagundu nahi genukeelako".
Kalejira
Biraka dantza taldekoek kalejira berezia egingo dute Mauxitxa txarangaren erritmora, eta erraldoiak ere eramango dituzte eurekin. 18:15ean irtengo dira Malako parketik.
Adinekoek ere izango dute eurentzako tartea, eta Jubilatuen Biltokian egingo dituzte dantzaldia eta mozorro lehiaketa. 17:30etik 20:30era egingo dute.

