Lezamako eskupilota txapelketa irabazi du Iker Izagirrek, eta finalerako sailkatu da Zizur Nagusikoan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 23a

Iker Izagirre Lezamako eskupilota txapelketako finaleko une batean.

Txapel bat gehiago bururatu du Iker Izagirre pilotari elgoibartarrak, eta azken pausoa falta zaio beste bat eskuratzeko.

Lezamako eskupilota txapelketaren finalak jokatu zituzten joan den barikuan, gazteen eta nagusien mailakoak. Euskal Herriko pilota txapelketa zaharrenetarikoa da Lezamakoa, 66. edizioa antolatu baitu aurten Lezamako Pelota Klubak. Guztira 32 bikote aritu dira lehian; erdiak gazteen mailan eta nagusienean beste erdiak. Gazteetan Lazkaoko Lapke klubeko lau pilotari ailegatu ziren finalera. Batetik, Iker Izagirre elgoibartarrak eta Aratz Ormaetxea bergararrak osatutako bikotea, Elgoibarko San Anton Torneoko finala galdu zuen bikote bera, hain justu ere. Eta, bestetik, Armaolea-Figueroa bikotea. Izagirre eta Ormaetxea gailendu ziren finalean, 22-11ko emaitzarekin. Irabazleak 1-12 aurreratu ziren markagailuan eta abantaila horrek baldintzatu zuen partida eta azken markagailua. Ormaetxeak agindu zuen atzeko koadroetan, eta Ormaetxeak kolore guztietako tantoak egin zituen aurrekoetan. 

Finalera Zizur Nagusiko lau t'erdiko txapelketan

Aurreko astean partida gehiago ere jokatu zituen Izagirrek, eskuz banakako bi txapelketetan lehiatu baitzen. Goñiren omenezko txapelketan lehiatu zen asteazkenean, Zumarragako Beloki pilotalekuan, eta 22-12 galdu zuen Harkaitz Muruaren aurka. Zapatuan, berriz, Zizur Nagusiko Lau t'erdiko 30. txapelketaren finalaurrekoa jokatu zuen Izagirrek, eta 18-6 irabazi zion Bidezabali. Martxoaren 7an edo 8an jokatuko dute finala, eta pilotari elgoibartarrak Ramirez izango du aurkari. 

Izagirre eta Ormaetxe gazteen mailako txapelarekin Lezaman.

Aurreskua Lezamako eskupilota txapelketako finalisten eta antolatzaileen omenez.