Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Laia Salsamendi etxauriarrak partida lehiatua jokatu zuten Emakumeen lau t’erdiko IV. txapelketaren finalean. Zabaleta gailendu zen pilotari nafarren arteko norgehiagotkan, 22-19. Tanto ikusgarriak eskaintzeaz gainera, erritmo biziko partida jokatu zuten bi pilotari gaztek, eta indarrez hustuta ailegatu ziren azken tantoetara. 19nako berdinketaren ostean, Zabaletak errenkadan egin zituen azken tantoak, eta finala eta Torneoa irabazi zituen, bigarren urtez jarraian. Hamasei urteko lehitzarra txapeldunorde izan zen 2024ko txapelketan eta irabazlearen txapela jantzi du azken bi ekitaldietan: 2025ean eta aurtengoan. Merezi du aipamena Laia Salsamendik (Etxauri, 2006) egin duen txapelketak ere, erakutsi duen jokoagatik bereziki. Belauneko bi lesio larrigatik ia hiru urtez jokatzeke egon eta gero, sasoiko dabil berriro ere, eta garaipenak ere eskuratu ditu.
Txapelak gutxigatik ihes egin dio Izagirreri
Herritar eta lagunen aurrean txapela eskuratzeko gogoz zegoen Iker Izagirre aurrelari elgoibartarra, eta igarri zitzaion pilotalekua zapaldu zuen lehen unetik. Animorik ez zitzaion falta izan harmailetatik, baina ez zen nahikoa izan. Izagirre eta Aratz Ormaetxea aurretik ibili ziren lehen tantoetan: 9-7, 12-10 eta 15-14. Unax Raminezek eta Jon Patxi Okiñenak osatutako bikoteak, baina, behin eta berriro lortu zuen markagailua parekatzea. Ugariak izan ziren berdinketak: 7-7, 15-15 eta 16-16. Promesa kategoriako lau pilotari gazteek tanto onak behartu gabeko hutsekin tartekatu zituzten. Partidako tantorik lehiatuenetarikoa Izagirre eta Ormaetxea 17-16 aurreratu zirenekoa izan zen. Aurrelari elgoibartarrak tanto ikusgarria eta txalotua lortu zuen bi pareteko pilotakada batekin. Izagirre eta Ormaetxea 18-17 ere joan ziren aurretik, baina azken tantoetan Unax Ramirez aurrelari leioarrak hartu zuen partidaren agintea, eta bizkaitarrak nahieran menderatu zuen jokoa Okiñena atzelari nafarraren laguntzaz. 22-18 izan zen azken emaitza. Ramirez txapeldunorde izan zen iaz, eta txapeldun aurten.
Profesionaletara pasa den bikotea, esku hutsik
Kontaezin pilotari igaro dia San Anton pilota txapelketa jokatu eta gutxira profesionaletara. Aurtengoan, baina, txapelketa bukatu aurretik bilakatu dira profesional bi pilotari, Beñat Apezetxea aurrelari goizuetarra eta Unax Landa atzelari oiartzuarra. Bikotea osatu zuten San Anton Txapelketako bigarren finalerdian, eta 22-18 irabazita lotu zuten finalerako txartela. Unax Landak Baikorekin fitxatu du eta enpresak ez zion finala jokatzeko baimenik eman. Aldiz, Asperekin sinatu duen Beñat Apezetxeak ez zuen eragozpenik izan finala jokatzeko. Goizuetarrak Manex Balerdi atzelari antzuolarrarekin batera jokatu zuen finala, baina ezin izan zituzten Ander Murua eta Aingeri Bernaola gainditu. AurrelarI arrasatearra eta Mañariako atzelaria dira San Anton Pilota Txapelketaren 33. edizioko irabazleak senior mailan.
Finaletako argazki-bilduma (Irudiak: BARRENA eta Mikel Askaibar/Elgoibarko Udala)