Alcortak Olaizagan eta Malapek Oñatin jokatuko dituzte Euskadiko txapelketako partidak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 26a

Alcortak Romoren aurka jokatu zuen partidako irudia. Arg: Roberto Sanchez.

Sanloko senior taldeen artean Alcorta F.G. izango da asteburu honetan etxean jokatuko duen bakarra.

Senior gizonezkoen taldeak Muskiz taldearen bisita jasoko du Olaizaga kiroldegian. Zapatuan, otsailak 28, jokatuko dute neurketa, 18:00etan. Alcortak balio handiko garaipena eskuratu zuen aurreko asteburuan, Urdaneta taldeari 20-23 irabazi baitzion Loiun jokatutako norgehiagokan. Sailkapenean gora egin dute elgoibartarrek, eta hirugarren postuan daude orain, 28 punturekin. Pasai San Juaneko Donibane Kalaburtzia dago sailkapen buru, 33 punturekin, eta Legazpiko Lau Bide Jatetxea taldea dago bigarren postuan, 30 punturekin. (ikus sailkapena)

Malape Vs Aloña Mendi, barikuan

Emakumezkoen Malape Taberna taldeak ez zuen liga jardunaldirik izan aurreko asteburuan. Malape sailkapeneko laugarren postuan dago, 21 punturekin. Ereintza Bitek liderrak 26 puntu ditu eta 24na puntu dituzte Berangok eta Zuhegan Oriok. Malapek barikuan jokatuko du ligako 16. jardunaldiko partida, Oñatiko Zubikoa kiroldegian, Aloña Mendiren aurka. Oñatiarrak sailkapen nagusiko seigarren postuan daude sailkatuta, elgoibartarrek baino bi puntu gutxiagorekin. (ikus sailkapena)

Partidarik galdu gabe

Senior gizonezkoen bigarren taldeak ere, Pizzeria Salentok, etxetik urrun jokatuko du jardunaldi honetan. Egia eskubaloia taldearen aurka jokatuko dute Donostian, zapatuan (18:00). Lurraldeko 2. Mailako igoera fasea jokatzen diharduen taldeak partidarik galdu gabe jarraitzen du denboraldi honetan. Azken jardunaldian 30-26 irabazi zioten Hernaniri. (ikus sailkapenak)