Elgoibarko Udaletik azaldu dutenez, herriko jubilatuek eginiko proposamena izan zen petankan aritzeko gune bat prestatzearena, eta haiekin elkarlanean aritu dira lanean egitasmoa gauzatzeko asmoz. Halere, zehaztu dute, herritar guztiek erabili ahal izango dutela, adin eta genero guztietakoek. Udal ordezkariek gehitu dutenez, jubilatuek petankan aritzeko interes handia dutela erakutsi diete, eta jarduera fisikoa egiteaz gain, beste herrietako taldeekin txapelketak eta topaketak antolatzeko asmoaren berri ere eman diete. Petanka intentsitate apaleleko kirola dela nabarmendu dute, eta horrek ezin egokiagoa egiten du "osasuna zaintzeko eta aktibo mantentzeko". Onura fisikoez gainera, harreman sareak zabaldu eta indartzeko ere topagune aproposak ei dira petankan jokatzeko guneak.
Aurrekontua
Toletxe kaleko igogailu publikoen ondoan eta Toletxegaineko geltokitik gertu dagoen parkean eraikiko dute kantxa. Jolaslekua hamabi metro luze eta hiru zabal izango. Gaur egun plazatxo horretan dauden joko-elementuak kenduko dituzte, libre geratuko den lekuan jolaslekua sortzeko. Lanok 9.000 euroko aurrekontua izango dute. Udaleko teknikariak arduratuko dira diseinuaz eta lanak gauzatzeaz. Udaberrirako prest egongo dela esan dute.
Proiektuaren sustatzaileek argi laga nahi izan dute euren helburua ez dela jubilatuentzako espazio bat sortzea soilik, baizik eta kirolaren bidez belaunaldiarteko harremanak sustatzea, "herritarrak aktibo manten daitezen eta elkarrekin gozatzeko aukera izan dezaten".
Petanka leku lauetan jokatzen da, bola metaliko batzuekin eta bolitxe batekin. Jokalariek nork bere bola metalikoa behar du eduki, eta funtsean, hura jaurti eta bolitxe gorritik ahalik eta gertuen utzi behar da. Nor gertuago jaurti ote duen, zalantzak sortzen direnean, metroa erabiltzen dute eta hor konpontzen dira egon zitezkeen xextra guztiak.
Egun jokatzen duten Petanka jokoak Frantzian du jatorria: Proventzako La Ciotat herrian sortu zuten 1907an. Informazio osoagoa wikipedian.