Mendiaz seguruago gozatzeko aholkuak emango ditu Zigor Egiak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 2a

Zigor Egia, Anetoko tontorrean.

Ate joka dugu 24. Korrika eta AEK euskaltegia ari da herrietako egitaraua osatzen. Elgoibarrerako mendia eta segurtasuna hizpide izango dituen hitzaldia antolatu dute Korrika Kulturalaren baitan.

Zigor Egiak (Amurrio, 1975) emango du 'Segurtasuna eta arriskuen kudeaketa mendian' izeneko hitzaldia, martxoaren 10ean, Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian. 19:00etan hasiko da. 

Egiak ibilbide luzea egin du mendian, bereziki eskaladan eta eskian. Gaztea zenetik Euskal Herriko zein atzerriko tontorrak zapaldu ditu eta betidanik erreparatu dio segurtasunari. Euskal Mendizale Federazioko (EMF) presidentea izan zen 2021etik 2024ra bitartean, eta presidenteordea da orain. Gainera, EMFko Segurtasun batzorkidea ere bada, eta komunikazioan aritzeko ere hautatu zuten Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioko Segurtasun Batzordekoek. Mendiaz modu seguruan gozatzeko hartu beharreko neurriez mintzatuko da Elgoibarren. Alegia,  mendiko arriskuak murrizteko eta erabaki egokiak hartzeko gakoak emango ditu. Korrika Kulturalaren baitan antolatu dute solasaldia, elkarlanean: Morkaikok, Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarrak eta AEK euskaltegiak.

Mendian prebentzioa eta segurtasunaren kultura sustatzeko ekintzak bultzatzen dihardu Euskal Mendizale Federazioak, eta asmo horretan federatutako pertsonen istripu-tasaren datuak eman eta aztertu izan ditu. Iaz eman zituzten datuen arabera, 100 federatutik 6,5ek istripuren bat izaten dute urtean zehar. Istripua izan duen pertsonaren profil ohikoena 35 eta 55 urte bitarteko gizona da, federatuen batez besteko profilarekin bat datorrena. Emakumeak federatuen %33 badira ere, istripuen %25 baino ez dute erregistratzen. "Datu honek kirol praktikan, arriskuen esposizioan edo ohituretan dauden aldeak islatu ditzake". Urtarrila izaten da istripu-tasarik txikiena duen hilabetea, eta apiriletik uztailera bitarteko hilabeteek zertxobait kopuru handiagoak erakusten dituzte, nahiz eta, oro har, gertakarien kopurua nahiko konstante mantentzen den urte osoan zehar. Gipuzkoako istripu-tasa bere federatuen kopuruarekiko proportzionala da; Bizkaian txikiagoa da eta Araban handiagoa. Informazio osoa: emf.eus 

Hitzaldia iragartzeko kartela: