Komun publikoa izan zenaren arrastoak bistaratu dituzte Kalebarren plazako obrek

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 9a

Azulejoak agertu dira Kalebarren plazako zoruan egiten ari diren obretan, garai bateko Elgoibarko arrastoak bistaratuz.

Merkatu plazaren eraikinean dagoen Transformazio Elektrikorako Zentroa lekuz aldatzeko lanak hasi zituzten martxo hasieran. Zulotzarra egin dute San Frantsizko iturriaren gainaldean, transformadorea bertan lurperatzeko.

Obren paretik igaro diren hainbat herritarren arreta bereganatu duena, baina, zuloan agertu diren azulejo txuriko hormek. Edade batetik aurrerako elgoibartarrentzat ez dago misteriorik, akorduan baitituzte leku horretan egon ziren komun publikoak. Nostalgiarako zioa ere izan da zenbaitentzat, oroimena freskatu eta garai bateko Elgoibar nolakoa zen gogora ekartzeko aukera eman baitie sareetan argitaratu duten komunen argazki zaharrak. Liburutegian gordeta dute Labordeta Fotostudio zenak ateratako argazkia. Komun publikoetarako sarrera ikus daiteke zuri-beltzeko argazkian, eta atzeko planoan San Frantzisko iturria, lehenagoko merkatu plaza eta Altzolarren dorretxea. Bi sarbide zituzten komunek, gizonezkoentzat bata eta emakumezkoentzat bestea. Dutxak ere bazituztela aipatu dute batzuek. Komunez gogoratzean, Kalebarrenen (Nafarroa plaza izena zuen lehenago) zegoen gasolindegia ere  ekarri dute gogora edadetuenek (beheko irudian). 

Kalebarren plaza ageri da argazki zahar honetan. 1925ean eraiki eta 70eko hamarkadaren hasieran eraitsi zuten merkatu plazaz gainera, gasolindegia ere ikus daiteke irudiaren behekaldean, eskuineko etzean. Arg: Azkue.

Komun publikoa izan zenaren arrastoak Transformazio Elektrikorako Zentroa lurperatzeko lanetan.