Hasi dituzte Kalebarreneko transformazio elektrikorako zentroa lekuz aldatzeko lanak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 2a

Merkatu plazaren eraikinean dagoen Transformazio Elektrikorako Zentroa lekuz aldatzeko lanak hasi dituzte gaur.

Iberdrolaren sare elektrikoari lotuta dago Transformazio Elektrikotako Zentroa, eta argindarra banatzen du herriguneko hainbat kaletara eta Urazandira. Zentro hori lekuz aldatzeko lanok otsailaren 9rako iragarri bazituzten ere, gaur hasi dituzte.

San Frantziskoko iturriaren atzealdera lekualdatuko dute. Lurrazpian ipiniko dute, Aita Agirre eraikina berritzean hango transformadorearekin egin zuten modu berean, hura Aita Agirre plazan baitago lurperatuta. Elgoibarko Udalak egingo ditu lan horiek, eta apirila eta maiatza bitartean amaitzea aurreikusten dute. Lanok 360.000 euroko aurrekontua dute.

Leku aldatzea amaitzean hasi ahal izango dituzte Osasun Zentro berria eraikitzen. Dagoeneko atera dituzte lanak lizitaziora. Eraikina eraitsiko dute aurrena, anbulatorio berriko obrak hasteko. Udal agintariek jakinarazi dutenez, lanok "irailean edo urriran" hasiko dituzte. Eraikuntza lan horiek, baina, Osakidetzak gauzatuko ditu.

Transformazio Elektrikotako Zentroa orain arteko kokagunean, Merkatu Plazako eraikinean.

∞Lotura duten albisteak: