Martxoaren 8a (2026)

Literatura, bertsoak eta zuzeneko musika uztartu ditu “Esne berriketan” saioak

Barrena 2026ko martxoaren 10a

Esne berriketan bertso saio literarioaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek barikuan, hilabete osorako prestatu duten Martxo Morea jarduera egitarauaren baitan.

Literatura, bertsoak eta zuzeneko musika uztartzen dituen emanaldiak Uxue Alberdiren Esne berriketan liburua du oinarri. Iban Urizar Amorante musikariaren zuzeneko musikaren laguntzarekin abestu zituzten bertsoak Onintza Enbeita eta Ane Labaka bertsolariek, Alberdik berak gaiak jarrita.

Uxue Alberdik hainbat kontakizun laburrekin ondu zuen liburua, eta horietako batzuek hautatu zituen musika eskolako auditoriumean egin zuten saiorako. Kontakizun horiekin bat zetorren gaia jarri, eta bertsotara ekarri zituzten Enbeitak eta Labakak.

*Argazkiak: Mikel Askasibar/Elgoibarko Udala.