Sinatzaileek jakinarazi dutenez, adostu duten akordioari esker, hamar diagnostiko digital egin ahal izango dituzte industria-enpresetan. Diagnostiko horietatik abiatuta, parte hartzen duten konpainien lehiakortasuna hobetzera bideratutako beste hamar digitalizazio-proiektu "definitu" ahal izango dituzte. Zehaztu dutenez, ekimena zuzenduta dago AFM Clusterrarekin lotura duten Euskal Herriko zein Errioxako enpresei.
Bi epetan gauzatuko dute proiektua. Lehenengo fasean, enpresen digitalizazio-mailaren diagnostikoa egingo dute, enpresen egungo egoera "ebaluatzeko" eta hobekuntza teknologikorako aukerak "identifikatzeko", sustatzaileen esanetan. Fase horretan, Rural Kutxaren Gizarte Ekintzak % 100eko dirulaguntza emango die, gehienez ere 2.500 euroko laguntzarekin enpresa bakoitzeko.
Bigarren fasean, berriz, ekimenen batean aurrera egitea erabakitzen duten enpresek aholkularitza jasoko dute proiektua teknikoki definitzeko eta lehen ezarpen-urratsetan laguntzeko. Kostuaren % 60ko dirulaguntza jasoko dute. Laguntza hori, gehienez ere, 1.500 eurokoa izango da enpresa bakoitzeko.
Hitzarmena sinatzean, Zigor Esnaolak, IMH Campuseko enpresa eta erakundeen arduradunak, azpimarratu zuen akordio hau "urrats bat gehiago dela industria enpresei eraldaketa digitaleko prozesuan laguntzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta sektorearen erronka teknologiko berriei aurre egiteko, horretarako tresnak eta ezagutza eskainiz".
Bestalde, Rural Kutxako Gipuzkoako zonako buru Josu Labianok honako hau azpimarratu zuen: "lankidetza honek erakundeak inguruko garapen ekonomiko eta sozialarekin duen konpromisoa islatzen du, berrikuntza, enpresen lehiakortasuna eta industria-sarearen aurrerapena sustatzen dituzten ekimenak babestuz".
Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du, hain zuzen, 2028ko martxora arte.
Akordioa Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren esparruan sinatu dute. Aurtengoa azokaren 33. ekitaldia da eta mundu osoko 1.510 erakusketari eta 3.386 produkture elkartu dira Barakaldoko BECen. Tartean daude Debabarreneko 30 enpresa inguru.
