Ingurune Digitalean Adingabeak Babesteko Legea Europako beste hainbat herrialdetan ere indarrean dago jada, eta Espainiako Kongresuan tramitatzen ari dira orain. Neurri horrek ekarriko dituen aldaketen berri eman dio BARRENAri Telmo Lazkanok (Zumaia, 1994), Altxa Burua Mugimenduko ordezkariak.
16 urtetik beherakoek ezingo dituzte sare sozialak erabili. Zer esan nahi du horrek, zehazki?
Titular hori eman dute, baina lege berri honek zehazten duena da enpresa jakin batzuei debekatu egingo zaiela nerabeengana iristea. Sare sozial terminoa oso zabala da, eta zehaztu egin behar da zein produktuz hitz egiten ari garen, baina erabiltzaile gehien duten sare sozialei, behintzat, eragingo die. Azken batean, lortu nahi dute offline-munduan dagoen legedia online-munduan aplikatzea. Esaterako, offline-munduan eraso matxista bat egiten duenari urruntze agindua jartzen bazaio, eraso hori sarean egiten duenari ere zigor bera aplikatuko zaio.
Orain ere, berez, 16 urtetik gorakoentzat dira sare sozialak, baina adinaren kontrolari iskin egiten diote askok. Lege horrekin hori aldatu egingo da?
Bai, adina kontrolatzeko sistema zorrotzagoa ezarriko dute, eta suposatzen da ez dela hain erraza izango 18 urte dituzula esatea. Hala ere, beti egongo da zirrikituren bat, baina ez da izango orain bezain erraza. Aldaketa handiena izango da lege berri horrek enpresak egingo dituela erantzule, eta ez nerabeak. Berez, lege horrek nerabeei ez die ezer debekatuko. Esan nahi dudana da offline-munduan diskoteka baten sartzea ez zaiola debekatzen nerabeari; alderantziz da, diskotekari debekatzen zaio nerabea diskotekan sartzea, eta hori zaintzeko jartzen du atezaina atean. Hala eta guztiz ere, neraberen bat diskotekan sartzen bada, isuna ez du hark edo familiak ordaintzen, baizik eta diskotekak berak. Sare sozialekin gauza bera gertatuko da: teknologia enpresei debekatu egingo zaie euren produktu kaltegarriekin nerabeengana iristea, eta erantzuleak enpresak eurak izango dira. Hortaz, 16 urtetik beherakoren batek lortzen badu sartu behar ez den sare sozialen batean sartzea, isuna enpresak ordaindu beharko luke. Australian hasi dira legea aplikatzen, eta isuna nerabeko 49,5 milioi dolarrekoa da. Australian oso ondo funtzionatzen ari da, eta, batzuek kontrolari iskin egin badiote ere, nerabeen hiru laurden sare sozialetatik kanpo daude.
Nola hartu duzue berria?
Berri ona da. Azken batean, offline-munduan legezkoa ez dena online-munduan ere ez izatea ekarriko du. Adina arrisku-faktore handia da, eta horri heltzea beti da berri ona, baina horrekin bakarrik ez da konponduko egoera; izan ere, ez da nerabeen egoera soilik; gizarte osoari eragiten dio horrek. Derrigorrezkoa da enpresa horiek legez erregulatzea, ez dira-eta eurak autorregulatuko. Alde horretatik, oso pozgarria da Europa esnatu izana eta kontzientzia hartu izana arlo digitala arautzearen beharraz. Europako Batasuna horretan ari da, eta, Altxa Burua Mugimenduaren ustez, adina arautzea oso garrantzitsua da, baina badakigu puzzle oso konplexu baten pieza bat besterik ez dela. Adibide bat jarriko dut: supermerkatura joaten garenean badakigu edozein produktu eros dezakegula, eta ez dela kutsatuta egongo, kalitate-kontrol guztiak pasatu dituelako; Interneten ez da hori gertatzen, eta erabiltzaileok ez dakigu kontsumitzen ditugun produktuak zenbaterainoko kutsakorrak diren. Gaur egun, inork ez daki Tiktoken edo Instagramen algoritmoak nola funtzionatzen duen, eta dakigun apurra oso larria da. Produktu kutsakor horiek kontsumitzen dituzten nerabeak gaixotu egiten dira, eta hori ez da bidezkoa.
Zer lortu behar dugu?
Helburua da Internet eta sare sozialak ingurune seguru, osasuntsu eta egokia izatea guztiontzat, baina gaur egun hori oso urrun dago. Gaur-gaurkoz, Internet ez da toki segurua nerabeentzat. Enpresa horiek nahi dute nerabea ahalik eta denbora gehien egotea pantaila aurrean, eta zenbat eta denbora gehiago egon, orduan eta informazio gehiago eskuratzen dute. Ondorioz, eragin-ahalmen handiagoa dute nerabearengan, eta informazio hori oso baliotsua da, gero saldu egiten dutelako. Adibidez, Instagramek ikusten badu nerabe batek selfie-ak kentzen dituela saretik, ondorioztatzen du autoestimu baxua duela, eta hasiko zaizkio kosmetika-enpresak denetik eskaintzen, itxura ederragoa izan dezan. Haurrak gazteak izan baino lehen ari dira "zahartzaroa borrokatzen" eta hori ez da ausaz gertatzen.
Enpresa oso indartsuak daude sare sozialen atzean. Uste duzu lege horrek lortuko duela haiei irabaztea?
Ez da erraza izango, baina, nolabait, arautu egin behar da hori guztiori. Enpresa horiek hainbat estatu baino boteretsuagoak dira, izugarria da zein indar daukaten. Applek 2021ean lortu zuen Erresuma Batuko barne produktu gordina baino aberastasun handiagoa. Hortaz, horrelako enpresek presio handia eragiten dute, eta gauzak oso mantso doaz, baina badoaz. Zorionez, sare sozialen erabilerarako adina atzeratzearen kontuak adostasun handia dauka Europan. Madril oso polarizatuta dago politikoki, baina gai honetan inkestek diote %80ko adostasuna dagoela, eta PPk ere alde bozkatzeko aukera handia dago. Deigarria da baita ere gai horren gainean 18 eta 25 urte arteko gazteek duten iritzia: galdetuta anai-arreba txikiei ea utziko lioketen smartphonea edo sare sozialetan ibiltzea, %70ek esaten dute ezetz, eta oso ondo arrazoitzen dute, gainera.
Altxa Burua Mugimenduak ere hasieratik defendatu du 16 urtera arte ez ematea smartphonea seme-alabei. Zein da egungo egoera?
Gure helburua ez da 16 urtera arte smartphonea debekatzea, baizik eta atzeratzea, eta atzeratze hori baliatzea umeak hezteko, erabilera arduratsuan. Heziketa funtsezkoa da. Mugimendua martxan jarri zenetik emaitza onak lortu dira, eta herri askotan lortu da atzeratzea. EAEko hiru probintzietan daude martxan taldeak, baina kezkatuta gaude erreleboarekin. Mugimenduak sendo jarraitzeko ezinbestekoa da taldeetan jende berria sartzea. Ebidentziek erakusten dute: pantaila itzalitakoan, bizitza pizten da.