Hemeretzi arkitektura-estudio aurkeztu dira Usetxe Plaza diseinatzeko lehiaketara

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 16a

Pedro Mugurutzako eskola egon zen eraikina eraitsi eta ingurua urbanizatzeko prozesua martxan jarri zuen Elgoibarko Udalak, eta Usetxe plaza berritua izango dena diseinatzeko arkitektura lehiaketa antolatzea izan da lehen pausoetako bat.

Udaletik jakitera eman dutenez, hemeretzi arkitektura-estudiok aurkeztu dituzte proposamenak arkitektura-lehiaketara. Horietatik bost proposamen hautatu ditu Udalak, lehiaketaren bigarren fasera igaro direnak, hain zuzen. Hautatutako proposamenen egileek 45 eguneko epea izango dute aurreproiektuak idazteko, hau da, apirilaren 27rako aurkeztu beharko dituzte. Lehiaketako epaimahaiak apirilaren 28tik aurrera aztertuko eta baloratuko ditu bost proiektuok, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuta, eta "bi edo hiru" aukeratuko dituzte. Azkenera arte iristea lortzen duten proiektuak jendaurrean erakutsiko dituzte eta herritarrek gogokoenari botoa emateko aukera izango dute. Udaletik zehaztu dutenez, 2026ko udan egingo dute herri bozketa hori. Behin betiko proiektua, berriz, urte amaierarako idatzita egongo dela aurreikusten dute. "Urte amaiera eta 2027. urtearen hasiera artean obren lizitazioa egingo da, eta helburua da lanak 2027aren hasieran hastea". Maalako parkearen estalpearekin ere antzerako prozesua egin zuten.

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak adierazi duenez, lehiaketak izan duen erantzunak erakusten du proiektu "erakargarria" dela ikuspegi arkitektoniko eta urbanistikotik. “Orain, prozesuaren fase interesgarri bati ekingo diogu, bost taldek euren proposamenak xehetasun handiagoz landuko baitituzte herriak izango duen espazio berri hori definitzen laguntzeko”.

Aurrekontua eta finantziazioa

Debabarreneko hiri-berroneratzea bultzatzeko proiektuetarako 8,3 milioi euroko dirulaguntza ematea onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, joan den abenduan. Eibarko, Ermuko, Soraluzeko eta Elgoibarko lau proiektu bultzatzeko izango da diru hori, eta Elgoibarri dagokiona da Usetxe plaza lehengoratzeko eta eraikina kultura-ekipamendua berreraikitzeko proiektua. 1,8 milioi euroko dirulaguntza emango du Jaurlaritzak, alegia, proiekturako aurreikusitako inbertsioaren %75 inguru. Proiektuaren aurrekontua 2,4 milioi eurokoa izango da.