Herritarrek aukeratuko dute Pedro Mugurutzako eskola zaharren gunerako proiektua

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 17a

Pedro Mugurutzako eskola egon zen eraikina eraitsi eta ingurua urbanizatzeko prozesua hasi du Elgoibarko Udalak.

Pedro Mugurutza eraikina osorik botatzea erabaki du Udalak. Eraikina dagoen Usetxe plaza berritzeaz gainera, hainbat kultur elkarterentzat lokalak sortuko dituzte plazaren azpian. Eraikina bota ostean geratuko den orubean "ibaira irekita" egongo den plaza berri bat eraiki nahi dute. "Proiektu honen bidez, paseatzeko, elkartzeko eta gozatzeko gune zabal eta atseginago bat sortu nahi da, Toletxe kalerako eta ibaiertzeko lorategietarako loturak hobetuz, joan-etorriak erraztuz eta auzoa ibaira gehiago irekiz", azaldu dute.

Arkitektura lehiaketa eta epeak

Udalak abiatu du prozesua, baina herritarrek izango dute azken hitza, euren botoa emateko aukera izango baitute aurkeztuko zaizkien proiektuen artetik gogokoena aukeratuz. Udalak arkitektura lehiaketa bat deitu du, bost aurreproiektu enkargatzeko. Dagoeneko abian da proiektu-lehiaketa. Udalak 122.000 euro bideratu ditu lehiaketara, eta martxoaren 2a izango da proiektuak aurkezteko azken eguna (informazio osoa hemen). Aurkezten diren arkitektura proiektuen artetik bi edo hiru aukeratuko ditu aditu talde batek, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu eta gero. Galbaea igarotzen duten proiektu finalistak jendaurrean jarriko dituzte, herritarrek gogokoena aukeratzeko.

Udaletik zehaztu dutenez, 2026ko udan egingo dute herri bozketa hori. Behin betiko proiektua, berriz, urte amaierarako idatzita egongo dela aurreikusten dute. "Urte amaiera eta 2027. urtearen hasiera artean obren lizitazioa egingo da, eta helburua da lanak 2027aren hasieran hastea". Maalako parkearen estalpearekin ere antzerako prozesua egin zuten.

Finantziazioa

Debabarreneko hiri-berroneratzea bultzatzeko proiektuetarako 8,3 milioi euroko dirulaguntza ematea onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, joan den abenduan. Eibarko, Ermuko, Soraluzeko eta Elgoibarko lau proiektu bultzatzeko izango da diru hori, eta Elgoibarri dagokiona da Usetxe plaza lehengoratzeko eta eraikina kultura-ekipamendua berreraikitzeko proiektua. 1,8 milioi euroko dirulaguntza emango du Jaurlaritzak.

Ion Zubiarre Elgoibarko Udaleko Hirigintza Saileko zinegotzia eta Maialen Gurrutxaga alkatea eraikinaren atzealdean. Elgoibarko Udala.