Etxebizitzari lotutako gaiak argitzeko bulegoa jarri dute martxan Elgoibarren

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko martxoaren 18a

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxaga eta bulegoko teknikari Leire Azpiazu Elgoibarko bulegoaren irekieran.

Etxebizitzen eta eraikinen birgaitzeari eta alokairurako edota energia-eraginkortasunerako laguntzei buruzko informazioa, orientazioa eta laguntza emateko bulegoa zabaldu dute Elgoibarren. 

Etxebizitza-bulegoak Debegesan (Eibarren, Azitainen) du bulego iraunkorra, eta, bulego ibiltariekin, debabarrendarrei zerbitzu hurbilagoa, eskuragarriagoa eta pertsonalizatuagoa eskaini nahi diete. Debegesaren proiektua izan da, eta Debabarreneko Udalekin elkarlanean eraman du aurrera. Elgoibarko bulegoa HAZ-en (Herritarren Arretarako Zerbitzua) dago. 

Lau funtzio nagusi

Esther Zarrabeitia Debegesako Hirigintza eta Birgaitze arduradunak esan duenez, "helburua da dauden laguntza publikoetarako sarbidea erraztea, alokairurantz bultzatzea eta birgaitze jasangarria sustatzea, etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzen laguntzeko".

Lau funtzio nagusi izango ditu bulego ibiltariak: batetik, informazioa, orientazioa eta laguntza eman etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko Etxebidek eskaintzen dituen laguntzei begira, eta beste laguntza osagarri batzuei buruzko informazioa ere emango du; bestetik, etxebizitza hutsen alokairua bultzatu, erakundeek alokairua sustatzeko dituzten programak ezagutaraziz eta zabalduz; hirugarren, gizarte-bonu elektrikoari eta termikoari buruzko informazioa eta aholkularitza, eta baita energia-horniduren –elektrizitatea, gasa...– fakturak eta tarifak optimizatzeari buruzkoa ere, energia-gastua murrizteko fakturak errazago uler daitezen; eta laugarren, energia berriztagarrien instalazioen eta birgaitze jasangarriko jardueren inguruan informatu eta sentsibilizatu, etxebizitza-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatzeko.

Arreta-guneak eta ordutegiak

Honakoa da Etxebizitza-bulegoak herriz herri izango duen funtzionamendua:

  • Deba: astelehenetan, 12:45etik 15:30era, Udaltzaingoaren egoitza zaharrean. Hileko azken astelehenetan izan ezik, zerbitzua Mutrikun eskainiko delako.
  • Eibar: astelehenetik barikura, 08:00etatik 16:00etara, Debegesan.
  • Elgoibar: ostegunetan, 08:15etik 12:15era, Herritarren Arretarako Bulegoan. Hileko azken ostegunetan izan ezik, Mendaron eskainiko delako.
  • Ermua: astearteetan, 08:15etik 12:15era, Abiapuntun Komentukua 3an. Hileko azken astearteetan izan ezik, Mallabian eskainiko delako. Mallabia: hileko azken astearteetan, 08:15etik 12:15era –tokia, definitzeke–.
  • Mendaro: hileko azken ostegunetan, 08:15etik 12:15era, udaletxean.
  • Mutriku: hileko azken astelehenetan, 12:30etik 15:30era –tokia, definitzeke–.
  • Soraluze: asteazkenetan, 08:15etik 16:00etara, Kalebarren 8an.
  • Oharra: aurretiko hitzordua hartzea gomendatzen dute. Eibarrerako: 943 82 01 10 zenbakian; gainerakoendako, 675 87 38 53 zenbakian.