Arrutik honela azaltzen du Basografia proiektuaren sorrera: "mendira eta basora joaten nintzenean zalantza bat izaten nuen: zenbat begik ikusten ninduten ni. Askotan animalia batzuk ikusten nituen, baina ni ikusten ninduten beste asko ez". Jakin-min horrek bultzatuta, basoko animalien begietatik argazkiak ateratzeko saiakera egin du argazkilariak. Animalien ikuspuntu hori jasotzeko ahaleginean, kamera zuhaitz barruetan jarrita edota lurrean lagata egin ditu argazkiak azken urteetan. Egilearen esanetan, inguruan dugun zaratari ihes egin, eta naturarekin konektatzeko saiakera bat da Basografia. Oro har, basoekin dugun harremanaren inguruko hausnarketa bat da.
Proiektuaren nondik-norakoak azalduko ditu Arrutik Elgoibarren, Gure Natura Ezagutzen ekimenaren aurtengo ekitaldiko lehen saioan. Ostegunean, martxoaren 26an, emango du hitzaldia Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian, 19:00etatik aurrera.
