Aro berrian murgilduta dago Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Aisialdi Saila. Egitetik eragitera igaro dira, eta euskalduntasuna landu nahi dute ume, nerabe eta gazteekin zuzenean. Asmo horretan eragiteko sortu zuten ZZ Gazteak Nagiak Kentzen izeneko taldea, gazteekin euskalduntasuna lantzeko, alegia. Orain, Korrika Elgoibartik pasako dela probestuz, gazteentzako ekimena antolatu dute zapaturako, Udalaren babesarekin.
Mauxitxaren kalejira, zapatu arratsaldean
"Gure taldearekin bat datozen balioak sustatzeaz gainera, Korrikak giro euskalduna piztu eta hauspotzen du lekukoa igarotzen den lekuetatik. Eta sortzen duen giro euskaldun horretara batu nahi ditugu herriko gazteak", azaldu dute. Asmo horretan, Mauxitxa txarangaren kalejira antolatu dute Korrikaren lekukoa ailegatu aurrerako. Hala, 17:45etik 18:30era bitartean girotuko ditu txarangak herriko kaleak. Kalegoen plazatik irtengo dira kalejiran, eta honako ibilbidea osatuko dute: Santa Ana, Eroski aurrean buelta, San Ignazio, Antonio Arrillaga, eta Santa Ana kaletik behera, San Bartolome, San Frantzisko eta bukaera Maalan. Mauxitxak Korrikari ongietorri ofiziala ere egingo dio gero, 20:00etan, Maala inguruan.
Zumba saioa, giharrak eta animoa berotzeko
Txarangaren kalejiraz gainera, dantza eta kirola uztartzen dituen zumba saio musikatua ere antolatu dute ZZ Gazteak Nagiak Kentzen taldekoek zapatu arratsalderako. Maalako parkean egingo dute 18:30etik 19:25era. Hala, lekukoaren atzetik antxitxika egiteko beroketa saioa egin ahal izango dute parte hartzera animatzen direnek, bukaeran Korrikara batuko baitira.
Euskalduntasuna sustatzeko antolatu dituzten ekintzotan parte hartzera animatu dituzte herriko gazteak.
