Jolasa kalera aterako du bihar Atxutxiamaika aisialdi taldeak

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko martxoaren 26a

Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi taldeak prest dauka Saretzen egitasmoko martxoko programa.

Martitzenean ekin zioten Familiaguneari, eta astebururako bi ekitaldi antolatu dituzte: bihar arratsaldean jolasa kalera aterako dute, eta, 16:30ean hasita, umeek Lekuederren hainbat jolas izango dituzte. Ekintza hori irekia eta doakoa da.

Domekarako, berriz, Istorio zaporetsuak ekimena prestatu dute, familian egiteko. Ludotekan izango da, 16:30ean. Tailerraren prezioa 12 euro da –Elgoibarko Izarrako bazkideek, 10 euro–. Ume bakoitzak heldu batekin hartu beharko du parte. Izena emateko, Atxutxiamaikaren webgunean dagoen formularioa bete behar da. 

'Saretzen' egitasmoa

Elgoibarko Izarra kultur elkartearen Atxutxiamaika aisialdi taldea beste etapa batean sartuta dago, eta aldaketa nagusia izan da egitetik eragitera pasatu direla. Horren barruan, Saretzen familia-programa jarri dute martxan, Udalarekin lankidetzan eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Helburua da 0 eta 5 urte arteko umeak dituzten familietan euskararen transmisioa eta erabilera sustatzea. Horretarako, familiei espazio seguru eta erosoak eskaini nahi dizkiete, euskaraz hitz egiteko eta haien arteko harremanak sendotzeko. Euskalduntasuna lantzea dute helburu; sentimendua, hain zuzen.