Ordenantza fiskalen hasierako aldaketaren onarpena landu zuten martitzenean egin zuten osoko bilkuran. Udal Gobernuko ordezkariek azaldu dutenez, udal zerga eta tasa‑sistema eguneratzea "ezinbestekoa" da udal zerbitzuak "modu iraunkorrean" finantzatzeko eta ordainketa‑erregimenak gaur egungo egoera ekonomiko eta sozialen arabera egokituta egoteko. Honatx onartu zituzten eguneraketetako batzuek:
Kultur emanaldietako prezioak, merkeago
Ohiko zinema emanaldi arrunta 6 eurotik 5era jaitsiko dute, eta online erosteak are eta deskontu handiagoa izango du. Udalak sarrerak Internet bidez erostea sustatu nahi du; beraz, 4,5 euroan salduko dituzte online bidezko sarrerak irailetik abendura bitartean. Antzerki emanaldietako sarreraren prezioa, bestalde, 10 eurotik 8ra jaitsiko dute. Gainera kendu egingo dituzte bonoak.
Kolunbariora errautsak
Ordenantza fiskalen aldaketak beste eragin batzuk ere izan ditu. Esaterako, errautsak hilerriko kolunbarioan sartzeagatik kobratzen den prezioa 290 eurotik 76 eurora jaitsiko da. Udalak enpresa bati subkontratatu zion hilerriko zerbitzua iaz, baina ikusi dute egin beharreko lan batzuek ez dutela ezpezializaziorik behar eta udal beharginek egiteko modukoak direla, errautsak kolunbarioan sartzearena, adibidez. Horregatik murriztu dute zerbitzu horren prezioa.
Bestetik, gora ere egingo dute zenbait tasak, esaterako, adinekoentzako eguneko arreta zentroko erabiltzaileei kobratzen zaiena: 36 eurotik 40 eurora –gizarte laguntzak jasotzen dituztenentzat 18tik 20ra igoko da–.
Honako hauek dira, zerrendatuta, eguneratu dituzten tasa eta zergetako batzuek:
- Zinema emanaldi arruntak: 6 € → 5 € (irailetik aurrera)
- Sarrerak online: tarifa berria, 4,50 € (irailetik aurrera)
- Antzerki emanaldiak: 10 € → 8 € (irailetik aurrera)
- Hilerriko kolunbarioa: 290 € → 76 €
- Eguneko arreta zerbitzua (adinekoak):
o Tarifa orokorra: 36 € → 40 €
o Gizarte-laguntzak jasotzen dituztenak: 18 € → 20 €
