Sariketa hau bi mailatan bereizten da: LH maila eta DBH maila. DBH mailari dagokionez, bost kanporaketa jokatu dituzte aurten; atzokoa, Elgoibarren. Bertan izan ziren Elgoibarko,
Mendaroko, Soraluzeko eta Oñatiko bertso eskoletan parte hartzen duten DBHko ikasleak, eta 2-4 lagunez osatutako taldeetan hartu zuten parte. Oñatiko taldeak irabazi zuen, eta horrenbestez, apirilaren 24an Azpeitian jokatuko den finalerako sailkatu da.
Gelatik Plazara ekimena Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak probintziako bertso eskolekin elkarlanean antolatzen duen sariketa da, eta aurtengoan laugarren edizioa du. Bertso eskoletan dabiltzan ikasleek hartzen dute parte, eta bertsoarekin gozatzeko gune bat izatea du helburu ekimenak. Eskolarteko txapelketara iritsi aurretik zubi-lana egiteko baliagarria da egitasmoa, jendaurrean trebatzeko aukera eskaintzen dielako. Saioak aurkezteaz zein gaztetxoen lana epaitzeaz bertso eskoletako irakasleak arduratzen dira.
