Elgoibarko Udalak eta Elhuyar-ek sustatutako Bizilabe programaren baitan, Parekoen Topaketa ekimena egin zuten atzo Lilan, Emakumeen Etxean. Ekimen honen bidez, zientzia eta teknologiaren arloko Elgoibarko zortzi emakume profesional eta Bizilaben parte hartzen duten 10 eta 14 urte bitarteko 28 gazte batu ziren, esperientziak trukatzeko. Emakumeek beren ibilbidea, eguneroko lana eta lanbidean aurkitzen dituzten erronkak partekatu zituzten gazteekin. Ondoren, gazteek Bizilabe programan garatzen ari diren STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak aurkeztu zizkieten profesionalei. Mahai bakoitzean, profesional bat eta gazte-talde bat elkartu ziren, eta, dinamika parte-hartzaile baten bidez, elkarbanatu zituzten esperientziak. Profesionalek aholkuak eta orientazioa eman zizkieten gazteei, eta gazteek aukera izan zuten zientzia eta teknologia munduko emakume erreferenteak gertutik ezagutzeko.
Topaketan parte hartu zuten emakumezkoak hauek izan ziren: Miriam Lizarralde, raia Silva, Ainara Astigarraga, Miren Otal, Erika Lehr, Goizane Carretero eta Ana Carolina Lodeiro.
Bizilabe egitasmoa
Elgoibarko Bizilabe 2019an jarri zen martxan eskolaz kanpoko programa gisa, eta
bertan gazteek zientzia eta teknologia modu praktiko eta esperimentalean lantzen
dituzte. Arduradunek esan dutenez, ekimen hau posible da Elgoibarko erakunde, ikastetxe, enpresa eta familia batzuen arteko elkarlanari esker. Sare-lan horren emaitza da, besteak beste, atzo egin zuten Parekoen Topaketa. Horrez gain, Bizilabeko gazteek STEM emakume profesionalen bisitak jasotzen dituzte urtean zehar eta enpresak bisitatzen dituzte, gertutik ezagutzeko lan-eremuak, haien testuinguruak eta bertako profesionalak.
