Udaletik zehaztu dutenez, aste honetan bukatu nahi zituzten kirol gune berria osatzeko lanak, baina euria dela-eta atzeratu egin dituzte lanok, eta Pazko Astean saiatuko dira falta zaizkien azken ukituak ematen. Elizaren ondoko parkean sortu dute kirolerako espazio berria, 51 metro koadroko azalera edukiko duena.
Dagoeneko ipinita dute kalistenia praktikatzeko gunea, ariketak egiteko askotariko barrekin: 1,30 metroko barra finkoa, 1,50 metroko barra finkoa, horma suediarra, espaldera exzentrikoa, barra paralelo sinpleak, dominada-barrak eta abdominaletarako bankua. Kalistenia gunerako 12.000 euro erabili ditu Udalak.
Nagusientzako gimnasia gunea
Hasierako egitasmoan aurreikusia ez zuten arren, kalistenia gunearen ondoan pertsona nagusiek soinketa egiteko makinak ipiniko dituzte, "espazioa adin eta profil guztietarako irisgarria izan dadin". Honako makinak ipiniko dituzte: Arraun-bankua, pedalen ariketa eta martxa-ariketa. Horiek ipintzeko aurrekontua 6.231,50 eurokoa da. Azkenik, segurtasuna bermatzeko zorua jarriko dute (10.311 euro). Proiektuaren inbertsio osoa, beraz, 28.542,50 eurokoa izango da.
