Errezabaleko obrei buruzko komunikazioa hobetzeko pertsona bat izendatu du Elgoibarko Udalak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko apirilaren 1a

Elgoibarko Udalak Errezabal egoitza eraikitzeari buruzko komunikazioa indartu nahi du Urazandiko bizilagunekin, eta asmo horretan auzotarren galderei eta zalantzei erantzungo dien figura bat sortu du. 

Komunikazioaz arduratuko den figura hori gaur, apirilak 1, hasi da lanean. Zehaztu dutenez, haren eginkizun nagusia izango da auzotarren galderak, kezkak eta iradokizunak jasotzea, eta horiek modu egituratuan bideratzea, dagokion eragileari helaraziz eta erantzunak koordinatuta lantzeko aukera emanez. Zerbitzua osorik Udalak finantzatuko du, eta harreman pertsona obra gauzatzen ari den enpresaren egituran txertatuko dute, "komunikazioa zuzena, arina eta eraginkorra izan dadin".

Udaletik jakinarazi dutenez, bi izan dira azken hilabeteetan Urazandiko auzotarrek egin dizkieten eskaera nagusiak: komunikazioa hobetzea eta pitzaduren protokoloa zabaltzea. Eskaera horiei erantzun bat eman nahi diete neurri honekin. Izan ere, ohartarazi dutenez, Errezabaleko proiektua fase berri batean dago, eta une honetan lehentasuna da lurraren egonkortzeak, obraren garapena segurtasun eta kontrol baldintzetan bermatzeko [Hiru hilabetez etengo dituzte Errezabal egoitza eraikitzeko lanak, Euste horma indartzeko].

25 etxebizitza ikuskatu dituzte

Testuinguru honetan, Udalak eta enpresak adostuta, pitzaduren protokoloaren bigarren fasea gauzatu dute, non prebentzio eta berme neurri gisa, 25 etxebizitza bisitatu dituzte. Horietan jasotako informazio guztia notarioaren aurrean erregistratu dute, obra handien jarraipen- eta kontrol‐dinamika ohikoaren baitan.

Gaurtik aurrera lanean arituko den komunikazio arduradunak lotura‐lana egingo du auzotarren, Udalaren eta lanak egiten ari diren enpresen artean. Herritarrek telefono edo posta elektroniko bidez jarri ahal izango dute harekin harremanetan, eta behar izanez gero, aurrez aurreko bilerak ere eskatu ahal izango dituzte, aurrez hitzartuta: enpresak San Frantzisko 26an duen bulegoan, edo hala adostuta, bizilagunaren etxean bertan. "Bileretan jasotako kontsultak enpresari helaraziko zaizkio zuzenean, eta erantzunak modu koordinatuan itzuliko zaizkie auzotarrei", azaldu dute Udaletik. 

Zerbitzu berri honen berri hainbat bidetatik emango dute: prentsa oharraren bidez, obraren inguruko atarietan jarriko diren kartel informatiboetan, San Frantzisko 26ko bulegoan jarriko den informazio-panelean eta Udalaren komunikazio‐kanal ofizialetan. Hauek dira harremanetarako moduak:

  • Telefono zenbakia (663 035 484)
  • Posta elektronikoa (a.esnaola@urdinberri.com) 
  • Helbidea (San Frantzisko 26)

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak adierazi du Errezabal bezalako proiektu batean, funtsezkoa dela herritarren kezkak entzun eta modu egokian kudeatzeko bide argiak izatea. Era berean, nabarmendu du “auzotarrek egindako eskaerei erantzunez", prebentzioan eta komunikazioan pausoak ematen ari direla, egunerokoan sor daitezkeen egoerei erantzun antolatuagoa emateko.